2001.eko Otsailaren 23ekoa

    Agiri mota
    Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2001eko otsailaren 23an, 19:04 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria (EH) alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza (EH), Imanol Esnaola Arbiza (EH), Juli Del Sol Bermejo (EH), Inmaculada Muñoz Martinez (EH), Iñaki Zabaleta Zabala (EH), Pello Garbizu Azkue (EAJ), Jesús Mª Martiarena Jaka (EAJ), Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA) eta Gurutze Sein Cordero (EA).

    Ez dira bertan, Xabier Alegria Loinaz, (EH), egun presondegian eta aurrez ezin etorriaren berririk eman gabe Mikel Antxon Arrrizabalaga Brusin (PSE) eta Ainhoa Villanúa Ayuela (PSE).

    Bertan da eta egintzaren fede eman du Xabier Loiola Aristi, udal idazkariak.

    Alkateak bilkurari ekin dio, eta hasteko, deialdiko bi gaiak elkarren artean erlazionatuta daudela esan du: esleituko diren lanen aldaketak finantzatzea da deialdiaren xedea.

    Bi gaien edukia hirigintza eta ogasun batzordeetan jakinarazi dira, nahiz eta horien inguruan ez da erabakirik hartu. Hori dela eta, gaien inguruan bozkatu baino lehen, bi gaiek duten premiazkotasuna onetsi behar da.

    Alkateak proposamenak justifikatu ditu: bere ustez, igerilekuaren inbertsioa optimizatu nahi da, baita igerilekuak estaltzeko azaldutako aldeko jarrerari erantzun egoki bat eman ere. Ondorioz, aurreko agintaldian esleitu zen lana aldatu egin behar da. Alkateak dioenaren arabera, gobernuko taldea saiatu da jatorrizko proiektuaren gauzatzeak ondoren egingo diren zabaltze-lanean inolako eraginik ez izatea, eta zentzu horretan, aldatutako proiektuan azaltzen diren zenbait lan egin direla aitortu du, hala nola, sotoko lanak.

    Horrez gain, beste hainbat arrazoi azaldu ditu lanen atzerapena arrazoitzeko: lanen hasieraren atzerapena, autobideko lanen atzerapena, hain zuzen, tentsio altuko dorreak lekuz aldatzeko orduan izandako atzerapenaren ondorioz; egin beharreko lanak ere ez dira nahi zen erritmora gauzatu.

    Alderdi horiek guztiak gainditu ondoren, eta igerilekuaren aldaketa, estaltzea eta klimatizazioaren proiektuak udalean aurkeztu ondoren, proiektuak onestea eskatu da, baita egin beharreko aldaketak jatorrizko proiektua aurkeztu zuen enpresa esleipendunari esleitzea ere, izan ere lanak modu koordinatuan eta batera gauzatzea ezinbestekoa da.

    Bilkuran hitz egiteko txanda iritsi denean, Pello Garbizu izan da lehenengoa. Bere ustez, une honetan gai honen inguruan agertu den premiazkotasunaren atzean bestelako arrazoiren bat dago, izan ere, proiektuak azaroan aurkeztu ziren eta urtarrileko bilkura arrunterako ez zen deialdirik egin bertan aztertzeko gairik ez zegoelako. Espedientean azaltzen diren arkitekto aholkulariaren eta idazkariaren txostenak argitzeko eskatu du.

    Alkateak azaldu duenez, arkitektoaren txostenean aldatutako proiektuaren prezioak zehazten dira, eta gainera hasierako proiektua eta aldaketak egin diren proiektua gauzatzeko enpresa bera kontratatzeak duen egokitasuna arrazoitu ere egiten da.

    Jesus Mari Martiarenak hartu du hitza eta honek ere esan du proiektuak azarokoak direla, eta orain artean ez dela inolako informaziorik eman; gainera, osoko bilkuran bertan banatu da arkitektoaren txostena, eta bere ustez, hori ez da horrelako gai garrantzitsu baten aurrean jokatzeko modua. Esleitutako lanen atzerapena zein arrazoik eragin duten galdetu du, baita zein den lanen atzerapenaren erantzulea, eta erantzuleen gaineko neurririk hartu ote den ere.

    Proiektu teknikoek ikus-onetsia jasotzeko beharraren inguruan eztabaida piztu da; alkateak esan duenez, txosteneko aldaketen proiektuak ikus-onetsia jaso izanaren zigilurik ez badu ere, proiektua jada ikus-onetsia jasotzeko aurkeztuta dago.

    Ondorengo eztabaida lanen zenbatekoaren areagotzearen ingurukoa izan da; Jesus Mari Martiarenak dioenez, 170 milioi izatetik 420 milioira iritsi da proiektua aldaketak egin ondoren. Baina baieztapen horren aurrean, Mikel Mitxelenak erantzun du, eta berak dioenez, hori ez da lanen kostu erreala, izan ere, zenbateko horri urbanizazio-lanek kostatuko duten 85 milioiak kendu behar zaizkio, azken kopuru hori Aldundiak ordainduko baitu, nolabait autobidearen lanak konpentsatzeko. Mikel Mitxelenak oposizioari eskatu dio gauzak egiteko moduari buruzko kritikak alde batera uzteko eta Altamirako igerileku estalien eraikuntzari buruzko iritzia emateko.

    Pello Garbizuk Udaleko kontuhartzailearen eta idazkariaren txostena eskatu du, Mikel Mitxelenak esan bezala, Aldundiarekin diru-ekarpena egiteko konpromisorik ba ote dagoen baieztatzeko. Berriro ere proiektu honi emandako premiazkotasuna ulertzen ez duela esan du, eta berriro ere galdetu du aldaketaren benetako arrazoiak zeintzuk diren. Alkateak erantzun duenez, aldaketen proiektua aste honetan bertan jaso da Udaletxean, eta nahiz eta klimatizazioari eta estaltzeari buruzko proiektuak azarotik bertan egon, egokiena hiru proiektuak batera tramitatzea zela erabaki zen, elkarren artean erlazionatuta baitaude. Alkateak esan duenez, aldaketen proiektua jaso ondoren, egin beharreko lanak ahalik eta azkarren martxan jartzea komeni da.

    Pello Garbizuk esan du, lan bat premiazkotzat tramitatu arren, horrek ez duela esan nahi lanak lehenago amaituko direnik. Bere ustez, lanen inguruan gauza gehiegi ezkutatu dira, ez da informaziorik eman, gehiegizko atzerapena dute, jada gauzatu diren aldaketa garrantzitsuak egin dira, eta abar; horren aurrean, aldatutako proiektua baloratzeko orduan zuhurtziaz jokatu behar dute. Lanen atzerapena dela eta erantzuleak zeintzuk diren argitzeko eskatu du berriro. Zentzu honetan dioenez, pleguan atzeratzen den egun bakoitzagatik 100.000 pezeta aipatzen badira, eta jada 468 eguneko atzerapena badago, 46 milioi ordaindu beharko dira atzerapena enpresak eragin badu. Eta gauzak horrela badira, diru hori kobratzeko eskatu du. Eta bestela, erantzulea nor den argitu beharko da: alkatea, gobernuko taldea, lanen zuzendaritza-taldea... Gainera, proiektua aldatzeko ahalmena osoko bilkurarena izanik, galdetu du, oraindik ere onetsi ez diren lanak nork agindu dituen, nork hartu dituen erabaki horiek guztiak eta ondorioz egoeraren erantzulea nor den ere.

    Mikel Mitxelenak eta Imanol Esnaolak erantzun diotenez, erantzuleak beste lekuren batean bilatu beharko dira, Errenteriko autobideko lanei buruz ari direlarik, eta lan horiek Lezoko udalari eragin dizkioten ondorioak kontuan hartu behar dira, baita lanak gauzatzeko erritmoa ere.

    Alkateak kritikatu du oposizioak azaltzen dituen kezka guztiak formaren ingurukoak direlako, epeak, eta abar, eta proiektuari ez zaio inolako ekarpenik egin. Bere hitzetan, gobernuko taldeak izaten ditu presiorik handienak atzerapenak eta egin beharreko aldaketak direla eta, eta oposizioak kritikak besterik ez ditu egiten.

    Pello Garbizuk erantzun duenez, aspertuta dago oposizioak ez duela inolako ekarpenik egiten entzuteaz; bere ustez, gobernuko taldeak ez du inolako plangintzarik egin eta baliteke gobernuko taldea izatea argudiorik gabe geratzen dena. Hala ere, bere taldea gaien inguruan adostasun batera iristeko prest dagoela esan du.

    Eguneko gai-zerrendako bi gaien inguruan eztabaidatu ondoren, alkateak gaien inguruko premiazkotasuna erabakitzeko bozkatzea planteatu du, hala badagokio, proposamenak onetsi ahal izateko.

    1.- Kreditu aldaketarako espedientea, aparteko kreditua motakoa, onartzeko alkatearen proposamena.

    Proiektuaren premiazkotasuna onetsi egin da: aldeko sei boto izan ditu (alkatea eta EHren gainontzeko zinegotziak), kontrako bi boto (EAko zinegotziak), eta bi abstentzio (EAJko bi zinegotziak).

    Akordiorako proposamena onetsi egin da aldeko sei botorekin (alkatea eta EHko gainontzeko zinegotziak), kontrako bi botorekin (EAko zinegotziak), eta bi abstentzioekin (EAJko zinegotziak); hori ikusita, honako akordio hauek hartu dira:

    BAT: Kredituen bitartez Kredituen Aldaketarako txostena onestea, Ezoiko Kredituen modalitatean, Udal honen ekitaldi honetako Aurrekontuetan eragina duena; hori guztia egindako proposamenaren arabera egingo da eta honako kontu-sail hauek bereiziko dira:

    GASTUA:

    AURREKONTUAREN PARTIDA: 1.01.622,03,452,30,2001.

    KONTZEPTUA: IGERILEKUA.

    ZENBATEKOA: 140.000.000 PEZETA.

    SARRERA



    AURREKONTUAREN PARTIDA: 2,01,933,00,2001.

    KONTZEPTUA: EPE LUZEKO KREDITUA.

    ZENBATEKOA : 140.000.000 PEZETA.

    BI: Hamabost eguneko epean jendaurrean jartzea, erreklamaziorik egongo balitz egin ahal izateko. Erreklamaziorik aurkezten ez bada, akordio hau behin betikotzat joko da, eta txosten honekin Aurrekontu Orokorrak onesteko ezarritako izapide berberak jarraituko dira.

    2.- Altzate udal igerilekuetako aldaketa proiektua, estaltze proiektua eta klimatizazio proiektua onartzeko eta lehenengo proiektuaren esleipena onartzeko alkatearen proposamena.

    Proposamenaren premia onartu egin da sei boto alde direla, alkatearena eta EH-ko gainerako zinegotzienak, bi boto kontra, EA-ko zinegotzienak, eta bi abstentzio, EAJ-ko zinegotzienak.

    Proposamena bozkatzeari ekin aurretik, eta idazkariak eginiko oharpenaren aurrean, ¾aurreko puntuan landu den kreditu aldaketarako espedienteak behin-betiko onarpena jaso arte esleipenak aurrekontuetan kontsignaziorik ez duela izango ohartarazi baitu¾ alkateak proposamenari baldintza hau gehitu dio, hots, aldaketa proiektuko lanen esleipena, kreditu aldaketarako espedienteak behin-betiko onarpena jasotzekotan egitea.

    Proposamena aipatutako aldaketarekin onartu egin da sei boto alde direla, alkatearena eta EH-ko gainerako zinegotzienak, bi boto kontra, EA-ko zinegotzienak, eta bi abstentzio, EAJ-ko zinegotzienak. Hortaz, honako hau erabaki da:

    BAT: Raimundo Abad Mendiburuk idatzitako obra proiektu hauek onartzea: udal igerilekuen aldaketa proiektua, udal igerilekuen estaltze proiektua eta udal igerilekuen klimatizazio proiektua.

    BI: Udal igerilekuen aldaketa proiektuko lanak UTE Piscinas Lezo (Sobrino-Lain) enpresari esleitzea; prezioa, guztira, 95.120.000,- pta eta exekuzio epea, 5 hilabete kontratua sinatzen denetik aurrera. Kontratua, erabaki hau jakinarazten denetik hamargarren eguna bitarte sinatuko da beranduen ere. Aurrez esleipen berriaren berme gisa 3.804.800 pta. utzi beharko dute gordailuan. Esleipena beti ere kreditu aldaketarako espedienteak behin-betiko onarpena jasotzen badu egingo da, espediente horretan inbertsio horretarako kreditua habilitatzen baita.

    HIRU: Akordioa interesatuei jakinaraztea.

    Aktaren amaiera.

    Beste aztergairik geratzen ez denez, Alkate-lehendakariak 20:15 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, Idazkari naizen aldetik, akta 225.508 etik 225.512.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

    Eguna