Agiri mota
Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2000ko maiatzaren 23an, 19:00 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKO ETA PREMIAZKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Nekane Artola Labordeta, Xabier Alegria Loinaz, Imanol Esnaola Arbiza, Juli Del Sol Bermejo, Inmaculada Muñoz Martinez, Pello Garbizu Azkue eta Jesus Mari Martiarena Jaka.
Mikel Mitxelena Iza, bilkura hasi eta gero bertaratu da, lehenengo mozioa eztabaidatzen ari diren bitartean.
Iñake Urrestarazu Azurmendi, Gurutze Sein Cordero, Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin y Ainhoa Villanúa Ayuela ez dira izan bilkuran, ez etortzeko arrazoien berririk eman gabe. Alkateak esan du Xabier Alegria Loinazek ezin izan duela etorri beste bilera batean dagoelako, hain zuzen, Udalbiltzaren batzar iraunkorrean.
Bertan da eta egintzaren fede eman du Xabier Loiola Aristi, udal idazkariak.
1.- DEIALDIAREN PREMIAZKOTASUNA BERRESTEA.
Alkateak arrazoitu du deialdiaren premiazkotasuna. Gainerako zinegotziei eskatu die deialdiaren premiazkotasunaren berrespena.
Pello Garbizuk dio, bere taldea bat datorrela mozioetariko lehenaren premiazkotasunari dagokionez, Ramon Zabaleta presoari buruzkoaz alegia, baina ez, ordea, bigarren mozioaren premiazkotasunari dagokionez.
Salbuespen horrekin eta EH taldeko bost zinegotzien aldeko botoaz, deialdiaren premiazkotasuna onartu egin da.
2.- “LEZOKO PRESO ETA IHESLARIEN SENIDEAK” AURKEZTUTAKO MOZIOA, RAMON ZABALETA PRESOAREN TRASLADOA ESKATZEKO.
“Lezoko Preso eta Iheslarien Senideek” aurkeztutako mozioak honela dio:
“Ramón Zabaleta Lezoko seme eta euskal preso politikoa dena Cáceresen espetxeraturik dago azken hamaika urteotan. Honen aurretik ezagutu dituen espetxe guztiak ere Euskal Herritik kanpo, Penintsulako hegoaldean zeuden. Dagoeneko hamasei urte eman ditu espetxe horietan. Legeak dioena betez gero berehala ekarri behar lukete Martuteneko espetxera.
Lehenago ere adierazi izan diogu udal batzar honi sakabanaturik egotea presoaren legezko eskubideen bortxaketa izateaz gain zigor erantsia dela presoa eta beronen senideentzat. Ondorio larri horietako bat da preso honen aitak, Juan Joxe Zabaleta, bere osasun egoera kaskarragatik semea ez ikusi izana azken hiru urteotan. Osasun ahulegia du 1600 kilometroko bidaia egiteko. Azken asteotan, Juan Joxe Zabaletaren osasun egoera nabarmen okertu da (ikus honekin batera doan sendagilearen txostena) eta edozein unetan inork nahi ez duena gerta daiteke.
Zoritxarrez azken urteotan honelako egoera latzak bizi behar izan ditugu Lezon. Lehenik Juanito Treceten aita zen Genarren heriotzarekin eta ondoren Emiliano Viañaren ama zen Rosarekin. Lehenak ez zuen hil aurretik semea ikusterik izan udal honek horren aldeko saiakera ugari egin arren, bigarrenak, berriz, bai. Juan Joxe Zabaletaren osasun egoera kontuan izanik berehala baimendu behar litzateke semea aita ikustera etor dadin.
Ramon Zabaletaren kasuan, hamasei urtez Espainiako gartzeletan sakabanaturik egon eta hainbat urtez bakardadean egoera zigortua izan arren, une honetan zigorraren 3/4ak beteta ditu, beraz, legearen arabera aske egon behar luke Euskal Presoen Eskubideen Aldeko Udal Batzordeak eskatu bezala.
Beraz, azalpen hauek emanda, honako ESKATZEN DIOGU Lezoko udal batzari:
Bere eskura dagoen guztia egitea Ramon Zabaletaren eskubideak errespeta daitezen. Une honetan bereziki Gasteizko Giza eskubideen Batzordea, Instituciones Penitenciarias, Audiencia Nacional eta Cácereseko espetxe zuzendariaren aurrean egin beharreko gestioak egitea honako helburu hauekin:
-Berehalako trasladoa Martuteneko espetxera.
-Aita ikusteko berehala etxera ekartzea.
-Zigorraren 3/4ak beteta dituenez dagokion baldintzapeko askatasuna eskuratzea.”
Alkateak esan du, dagoeneko hitz egin dutela Gasteizko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordearekin eta seguruenik datorren asteazkeneko bileran tratatuko dutela gaia. Hortarako interesgarria iruditzen zaio mozioak ahalik eta sostengurik handiena izatea.
Bozketa eginik, udalbatza osatzen duten hamahiru zinegotzietarik bertan diren zortzi zinegotziek onartu dute mozioa.
Mozioa onartu ondoren, EAJ taldeko zinegotziek adierazi dute bilkura bertan behera utzi behar dutela.
3.- EUSKAL HERRITARROK TALDEAK AURKEZTUTAKO MOZIOA PRESOEKIN SOLIDARITATEZ LAN-UZTE INSTITUZIONALARI BURUZ.
Mozioak honela dio hitzez hitz:
“Bai prozesu demokratikoari, bai euskal presoen eskubideei.
Euskal Herriak badu, egun, galdera nagusi bat mahai gainean: egun, espainiar eta frantziar gobernuek, hala inposatua, pairatzen dugun gatazka politikoa nola jar dezakegu, behin betikoz, konponbidean? Galdera honentzat erantzuna Lizarra-Garazik ekarri zuen, hots, abiapuntua Atturritik Ebrora bitarteko euskal herritar guztien erabaki demokratikoa errespetatzetik datorrela aldarrikatuz. Hala ulertu du euskal gizartearen gehiengoak, eta ulertu bakarrik ez, hitza eta erabakiaren errespetua oinarri harturik, Euskal Herriaren eraikuntza demokratikoan hainbat urrats burutu ditu urteotan.
Urrats horien artean, eta prozesuaren garapen demokratikoari estuki atxikirik, euskal presoen eskubideen defentsa irmoa egin da, aldarrikapenetik harantzago hamaika iniziatiba anitz eta zabalen bitartez, bai arlo instituzionalean bai mobilizazio mailan, herri honen gehiengo erabatekoaren borondatea zein den argiki azalduz. Are gehiago, presoak Euskal Herritatzeko oihua eta zor zaizkien eskubide ororen defentsa prozesuan aurrera egiteko ikur eta adibide garbia bilakatu da euskal gizartearentzat, Euskal Herri osoko eragile politiko, sindikal eta sozialen atxikimenduaz.
Presoen eskubideen bortxaketak, alegia, sakabanaketak, hiru laurdenak beteta dituzten 90 presoren bahiketak, gaixo larriekiko mendekuak aurrera jarraitzeak, beraz, arrazoi bati erantzuten dio: herri honek erakutsitako borondatearen gainetik, bi estatuek eta hauen itzalean jokatzen duten alderdi espainiar zein frantziarren etengabeko ukoari. Uko hori da, hain zuzen ere, behin betikoz aldarazi behar duguna, dagoeneko bistakoa den gizarte atxikimendua irabazbidean jartzeko.
Zentzu honetan, Euskal Herritarrok taldeak, bai prozesuaren garapenean bai euskal presoen eskubideen defentsan, urrats nahiz bide berriak jorratzeko premia aldarrikatu izan du birritan, jauzi kualitatiboa ematekoa, gatazkaren konponbideari begira bide zuzenena hortik pasatzen baita, hots, herri honen hitza eta erabakia errespetarazteko ariketa zehatz eta konpromiso argiak mahai gainean jartzetik. Horretan ari da euskal gizartea egunerokoan, horretan ari gara gu, egoera politiko zehatzen gainetik eta prozesuaren eta presoen eskubideen defentsa herri hau demokraziazko eskenatoki batera eramateko presazko lan gisa ulerturik. Ezin dugu egun bat gehiago itxaron, borondatea baldin badago, eta gizarteak hala erakusten digu, borondatea gauzatzeko bideak eskaini behar ditugu.
Oraingoan aukera paregabea sortu zaigu, prozesu demokratikoari baietz esateko, euskal presoen eskubideei baietz esateko, aurrera egiteko prest gaudela berresteko, bi urteotako bidean ibili garen guztiok elkarlanean jarraitzeko borondatea dugula azpimarratzeko. Eta horretara dator, ohar honekin batera egin nahi dizugun deialdia, maiatzaren 24an, Euskal Herriko instituzioetan ordezkatuak gaudenok EGUN OSOKO GELDIALDI INSTITUZIONALA burutzeko gonbitea luzatzera datorrena. Euskal gizartearen aldarrikapenarekin bat egiten duen ariketa berri bat proposatzen dugu, beraz, herrietako instituzioetatik hasita beste mailakoetara ere luzatu nahi duguna, gure ordezkaritza, egun horretan, prozesuaren defentsa eta presoen eskubideena egiteko baliatu dezagun. Eragile bakoitzak bide honetan emateko prest dagoena erakutsiz.”
Bozketa eginik, bertan diren zinegotzi guztiek onartu dute mozioa, udalbatza osatzen duten hamahiruretarik seik.
Udalbatzaren ezohiko bilkura denez, aztergai zerrendan sartutako gaiak besterik ezin da tratatu, alabaina, alkateak aditzera eman nahi die bertan diren zinegotziei, udaletxean joan den larunbatean gizarte ongizateko bulegoen aurka izandako erasoaren berri. Lehenik, erasoa gaitzetsi egin du, departamentuaren gizarte lana oztopatzen duelako gizarteko baztertuen esparruetako eta gainerako eguneroko eginkizunetan. Halaber, herritar guztien kontrako erasotzat hartzen delako, bulego hori eta udaletxea herriarentzat irekita daudelako. Era berean kexu azaldu da, gertakari horri komunikabide askok eman dioten tratamendu intoxikatzailearengatik.
Beste aztergairik geratzen ez denez, Alkate-lehendakariak 19: 21 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, Idazkari naizen aldetik, akta 225.397.etik 225.400.a arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.
Eguna