1998.eko Urriaren 27ekoa

    Agiri mota
    Lezon, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko urriaren hogeita zazpian, 19:00 orduetan bildu da, Udaletxeko biltzar areto nagusian UDALBATZA OSOA bere EZOHIKO BILKURA egiteko, lehen deialdian, Mikel Arrizabalaga Pikabea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Joana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Rafael Salaberria Etxezurieta, Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Jesus Mª Martiarena Jaka, Mirari Rekalde Gonzalez, Iñake Urrestarazu Azurmendi, eta Pello Garbizu Azkue.

    Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris ez dira bilkuran izan.

    Xabier Loiola Aristi aritu da idazkari gisa eta Patxi Apalategi Mendizabal itzultzaile gisa.

    Alkateak esan du, Senideak erakundeak eskatuta egin dela osoko bilkurarako deia.

    1.- LEZOKO SENIDEAK AURKEZTUTAKO MOZIOA, XABIER ALEGRIA LOINAZ EUSKAL HERRIKO ESPETXE BATEAN EGON DADIN.

    Alkatearen baimenaz Agustina Pontestak hartu du hitza Senideak erakundearen mozioa irakurtzeko. Mozioak honela dio hitzez hitz:

    “Aurreko batean EMILIANO VIAÑA-ren egoerak kezkaturik Lezoko Udal Batzari zuzendu gintzaizkion. Oraingo honetan, berriz, XABIER ALEGRIA LOINAZ-enak urrats bera ematera gakartza.

    Lezoko herritarra den XABIER ALEGRIA LOINAZ duela hiru hilabete, EGIN egunkaria eta irratiaren istearekin batera, espetxeratua izan zen. Orduz geroztik, Estatu Espainoleko Valdemoro deritzon espetxean bahitua dute.

    Estatu Espainoleko legediak dionari jarraiki preso orok besteak beste espetxe zigorra etxetik gertuen duen espetxean betetzeko eskubidea du. Orain ez denbora luze, Batzar Nagusietan ordezkaturik dauden HB, EAJ, EA, PSOE eta IU alderdietako ordezkariek ere legedia bere osotasunean bete dadin eskatu dute. Kasu honetan, gainera, XABIER ALEGRIA bera ere Gipuzkoako Batzarkidea izateak are adierazgarriagoa egiten du eskaera hori.

    Oraingo honetan, XABIER Euskal presoa, urriaren 28an Donostian duen epaiketa dela medio, ezinbestean Euskal Herrira ekarri behar dute, honetan ere legediari, hots, epaiketa baino lehen hilabete lehenago ekartzeari, muzin eginez. Legeak espetxeratuen eskubideak babesteko dituen urratsak ez betetzeak indefentsio egoera larria eragiten dute kasu honetan.

    Une honetan Lezoko SENIDEOK behar beharrezkoa ikusten dugu, Euskal Herritik 500 kilometrotara dagoen espetxera bidalia izan beharrean bertan utz dezaten esijitzea.

    Izan ere, legea betearaztea besterik ez litzateke izango, Euskal Herriko espetxe batean egotea. Ez dugu ahaztu behar honelako bisitak gogorrak baldin badira XABIER ALEGRIAren kasuan, zenbait senideren egoerak are gogorragoa egiten duela, gurasoen adinak edo alaben zein hilobaren adin txikiak, hain zuzen.

    Ez dugu ahantzi behar une honetan EMILIANO VIAÑAren egoera ez dagoela batere argi, eta edozein egunetan bidal dezaketela atzera berri Cadizera. Halaber, Jabier Garmendia eta Ramon Zabaletaren kasuan egoera guztitz da legez kanpokoa eta ezin bartertuzkoa Lezoko Udalak herriko seme diren heinean beren eskubideen defentsan duen ardura.

    Beraz, hori guzia kontutan izanik Lezoko Udal Batzari honakoa eskatzen diogu:

    • Bere eskura dauden guziak egitea XABIER ALEGRIA LOINAZ, legeak aitortzen dizkion eskubideetan babestuz, Euskal Herriko espetxe batean, ahal delarik Martutenekoan, egon dadin.


    • Komunikabideei eta Lezoko herriari XABIER ALEGRIAren kasuaren berri eman eta hartutako erabakiak jakinaraztea.”


    Adierazpenetarako txanda irekirik, alkateak bere izenean eta Herri Batasunako zinegotzienean esan du ezen, jadanik, aski dela molde honetako mozioak aurkeztu behar izateaz, beharrezkoa gertatzen dela PP eta PSOE alderdiek legea betetzea, eta alderdi guztiei gonbitea zuzendu die gizartean eta erakundeetan presioa gara dezaten hori lortzeko helburuz, eta, era berean, euskal presoen eskubideak errespetatzen ez dituen edonor publikoki sala dezaten.

    Jendearen artetik ere egin dira adierazpenak. Horietako batean eskatu da, biharko epaiketan udalaren ordezkari bat bertan egon dadila. Alkateak erantzun du bera joango dela eta, mozio hau erregistratzeaz gain, komunikabideetara eta Instituciones Penitenciarias delakora igorriko duela eta, jakina, Xabier Alegriari berari ere igorriko diola.

    Bozketa eginik, bertan diren zinegotzi guztien aldeko botoez onartu da mozioa, udalbatza osatzen duten hamahiruetatik hamaika.

    AKTAREN AMAIERA.

    Eta beste aztergairik ez dagoenez, 19:15 orduetan lehendakaritzak amaitutzat eman du batzarraldia. Idazkari naizen aldetik, akta jaso eta sendespena ematen dut, nik eta bilkuran izan diren zinegotziek izenpetu dugun akta honi.

    Eguna