1994.eko Irailaren 19ekoa

    Agiri mota

    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamalauko irailaren hemeretzigarrena. Arratsaldeko zazpiak eta bostetan hasi du OSOKO BILKURAk bilera BEREZI eta PREMIAZKOA, udaletxeko Gobernu Batzordeko gelan. Lehenengo deialdian Aitor Sarasola Salaberria, alkate-lehendakaria, Josu Mirena Pontesta Garmendia, Gemma Arrillaga Albisu, Karmele Legorburu Irazu, Mikel Mitxelena Iza, Jose Luis Agirretxe Mitxelena eta Jose Antonio Dozagarat Andueza, zinegotziak, bildu dira.

    Marcial Zabaleta Salaberria, Jesus Mª Martiarena Jaca, Pello Garbizu Azkue, Jose Mª Boto Sancho, Jose Varela Pampin eta Iñake Urrestarazu Azurmendi ez dira bileran izan.

    Xabier Loiola Aristik egin du idazkaritza.

    0.- BATZARRALDI HONEN PREMIATASUNA BERRESTEA.

    Alkateak premiazko deialdiaren arrazoiak aipatu ditu: kreditu-operazioen dokumentazioa ostiralean heldu zela eta gaia lehenbailehen erabakitzea komeni dela. Era berean, premiatasuna onartzea eskatu die batzarkideei.

    Saioaren premiatasuna aho batez onartu dute, bileran diren zinegotzi guztiek baiezkoa eman baitute.

    1.- PROPOSAMENA, 2. SEKTOREKO URBANIZAZIO PROIEKTUA BEHIN BETIKO ONARTZEA.

    Hirigintza Batzordeak irailaren bostean 2. Sektoreko Urbanizazio Proiektuaren behin-betiko onarpenari buruz emandako diktamena onartzea proposatu du Alkateak.

    Diktamenak dioenez, J. Caballerok eta J.M. Ibargoyenek egin zuten 2. Sektorea Urbanizatzeko Proiektua, hasierako onarpena eman eta hamabost egun egon da argitara aterata, denbora horretan denean erreklamazio bat besterik ez da jaso eta, Udalak, horiei buruzko informe teknikoak eta juridikoak egin ditu.

    Erreklamazioa: Patxi Riezu Bravok, Jaizkibel Azpi auzotarren elkartearen izenean, proiektua aldatzea eskatu zuen. Hona hemen eman zituen arrazoiak:

    1.- Sektoreko mendebaldean egin asmo den bideak toki asko jaten diola Pysbe ondoko berdeguneari.

    2.- Ijurko auzora joateko bideak jolas-lekua txikiagotzen duela.

    3.- 30.000 v.ko haria dagoela eta lurpetik eraman behar dela.

    4.- Erreka, dena ez bada ere zati bat, tapatu egingo dela.

    Iritzi horiek, ordea, ez daude aintzakotzat hartzerik, zeren eta bidea nondik joango den ontzat hartuta dago behin-betiko plan partzialean, eta bideak hartuko duen tokia 2. Sektorean dago.

    30.000 v.ko haria lurpean eramaterik ere ez dago, izan ere, nahiz eta Udalak eskatu zuen, argi-indarra ekartzen duen enpresak ezezkoa eman zuen.

    Errekarik, orain duen bidea behintzat, ez da tapatuko.

    Dena dela ere, Pysbeko auzotarrek eskatutakoa kontutan hartu eta Hirigintza Batzordeak proposatuta, erabaki hauek hartu dituzte, aho batez:

    BAT.- BEHIN-BETIKO ONARTZEA 2. Sektorea Urbanizatzeko Proiektua, Jorge Caballero Bustamente eta J.M. Ibargoyen Canciok egin zutena, eta, lehen esandako arrazoiak bitarteko direla, Jaizkibel Azpiko auzotarren elkartearen izenean Patxi Riezu Bravok egin zuen alegazioa ez onartzea.

    BI.- Behar diren gestioak egitea 2. Sektoreko mendebaleko bidea 5 m. zabalekoa izan dadin eta "konpentsazio-proposamenak" lehenbailehen bete daitezen. Konpentsazio-proposamenak, Pysbeko auzotarren elkarteak Hirigintza Batzordearen bileran, 1994ko irailaren 5ekoan, eskatu eta espedientearekin batera doazenak dira. (Irailaren 6ko 2325 sarrera zenbakia).

    HIRU.- Erabaki hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean publikatzea eta berariaz jakinaraztea interesatuei, zer errekurtso jartzeko bidea duten esanez.

    Euskal preso politikoen alde eta beraiek daramaten borrokarekin bat eginaz, Lezoko udaletxean gose greba burutzen ari den taldea bilerara sartu da eta, Alkatearen baimenarekin, komunikatu bat irakurri dute presoenganako elkartasuna adierazteko zenbait manifestazio eta ekitalditan parte hartzera deituz.

    2.- PROPOSAMENA , EPE MOTZERAKO KREDITU-OPERAZIOAK ONARTZEA, 85.000.000 PTA. OROTARA.

    Hazienda Batzordeak gaur eguerdian egindako bileran emandako diktamena onartzea proposatu du Alkateak.

    Diktamenaren arabera, Udalaren ekonomi eta finantza alorreko egoera aintzakotzat hartuta komenigarri ikusi da epe motzerako kreditu operazioa, LAUROGEITA HAMAR MILIOI (90.000.000,-) pezetakoa, egitea. (Erru bategatik deialdian 85.000.000,- pta. ageri zen).

    Aurreko aurrekontuetatik jasotzeko dauden diruak, 40 milioi inguru, eta aurtengo zenbait inbertsio eta hileko gastu arruntak ordaindu beharrak sortzen duten desoreka berdintzeko dira, alkateak esan duenez, 90 milioiak.

    Banco Central Hispanok, Banco Guipuzkoanok eta Kutxak aurkeztutako eskaintzak eta kontuhartzailearen informea aztertu ondoren, Hazienda Batzordearen diktamena ahobatez onartu da ondorengo erabakiak hartuz:

    1.- Urte betean ordaintzeko BERROGEITA BOST MILIOI (45.000.000,-) pezetako bi kreditu izenpetzea: bata KUTXArekin eta bestea BANCO GUIPUZCOANOrekin.

    2.- Aitor Sarasola Salaberriari, Korporazioko lehendakaria, edo hura ordezten duenari, ematea aginpidea operazioa formalizatzeko behar diren dokumentu publiko eta pribatu guztiak izenpetu ditzan Korporazioaren izenean.

    3.- PROPOSAMENA, UDALAREN AURREKONTUKO INBERTSIO BATZUK FINANTZATZEKO KREDITU-OPERAZIOAK, EPE LUZERAKOAK, ONARTZEA, 100.000.000 PTA. OROTARA.

    Hazienda Batzordeak gaur eguerdian emandako diktamena onartzea proposatu du Alkateak.

    Diktamenaren arabera, ekainaren 6an Udalaren osoko bilkurak Banco de Crédito Localarekin 190 milioi pezetako kreditu operazioa egitea onartu zuen. Hala ere, banketxe horrek atzera egin zuen eta bertan behera gelditu zen operazioa. Udalaren aurrekontuetan gastu eta sarrera korrenteen artean orekarik ez egotea da arrazoia.

    Inbertsioak egiteko beharrezkoa izanik, 100 milioiko kreditua egitea hitzartu da Kutxarekin, hartarako egindako elkarrizketen ondoren.

    Proposatzen duen operazioa interes aldakorrekoa denez, gehieneko eta gutxieneko batzuk negoziatzeko ahalmena edukitzea eskatu du alkateak.

    1994ko Aurrekontuetako inbertsioak finantzatzeko, Hazienda Batzordeak diktaminaturik, bileran diren zazpi zinegotzien aldeko botuarekin, Sarasola, Legorburu, Arrillaga, Pontesta, Mitxelena eta Agirretxe (Herri Batasunakoak) eta Dozagaratenak (Independientea), hau da, Korporazioaren legezko kopuruaren gehiengo osoaren aldeko botuekin, ondorengo erabakiak hartu dira:

    LEHENA:

    1.1.- EHUN MILIOI (100.000.000,-) pezetako mailegu bat hitzartzea Gipuzkoa-Donostia Kutxarekin. Maileguaren ezaugarririk nagusienak hauxek dira: Interes aldakorra (MIBOR + %1); amortizatzeko epea HAMABOST (15) urte, gabeziako BIak (2,-) barne hartuz.

    1.2.- Mailegu horren helburua 1994ko Aurrekontuetan jasotako inbertsioak, osorik edo zati bat, finantzatzea izango da.

    1.3.- Hitzartutako mailegua itzultzeko bermetan, Aurrekontuetako diru-sarreren printzipalaz gain, egungo eta etorkizuneko ondasun eta eskubide guztien zati orokor eta subsidiarioekin batera, ondoko hauek ematen dira:

    Lezoko Udalaren hartzekodun bezela, aipatu maileguagatik, horren interes, komisio, gastu eta horri zor zaion beste guztiagatik, bereziki afektatzen eta zergatzen dira Udal Finantzaketarako Foru Fondoa (Zerga Kontzertatuak) sortzen dituzten diru-sarrerak.

    Gipuzkoa-Donostia Kutxak ahalmen errebokaezina du Lezoko Udalak dituen baliabideetatik, aurreko paragrafoan zehaztutakoetatik, zor zaion kopurua jaso eta hitzartutako bermea gauzatzeko, dagokion entitate edo organismo ordaintzaileari akordio hau erakutsi beste beharrik gabe.

    1.4.- Gipuzkoa-Donostia Kutxan helbideratuko dira, derrigorrez, Udal Finantzaketarako Foru Fondotik (Zerga Kontzertatuetan), edo horren ordez jartzen denetik, Lezoko Udalak jasotzen duen diruaren parte bat, Udalak Kutxarekin dauzkan mailegu eta kredituak (oraingoa barne) berdintzeko adinakoa edo handiagoa, hain zuzen.

    Helbideratze hori kutxarekiko finantz obligazioak kitatzen diren arte mantenduko da, obligazio horiek izaki kontratatzeko eragiketatik jariatuak, eta indarrean dauden gainerako mailegu eta kredituetatik ere bai.

    BIGARRENA:

    Aitor Sarasola Salaberriari, Korporazioko lehendakaria, edo hura ordezkatzen duenari ematea aginpidea interes tipoen gehieneko eta gutxienekoak negoziatzeko eta operazioa formalizatzeko behar diren dokumentu publiko eta pribatu guztiak izenpetu ditzan Korporazioaren izenean.

    HIRUGARRENA:

    Akordio hau, eta horretarako egin den espedientea, jendaurrera aterata egongo da 15 egun, araudiak hala ezartzen baitu.

    LAUGARRENA:

    Espedientea Gipuzkoako Foru-Diputaziora bidaliko da, aurretiaz lortu behar den baimena eskuratzeko."

    4.- GALDE ESKEAK.

    Batzarraldi berezietan aztergai zerrendan agertzen ez diren gaiari buruz ezin dela akordiorik hartu ohartarazi badiet ere zenbait udalek bolantak ez erabiltzearen aldeko agerpenarekin bat egiteko proposamenarekin bat agertzen dira batzarrean diren zazpi zinegotziak. Agerpenak hitzez hitz horrela dio:

    "BOLANTAK EZ ERABILTZEAREN ALDEKO AGERPENA"

    1.- Itsas zabalean utzitako enmailezko sareak edo bolantak ez erabiltzeko aginduari gure onespenik leialena ematen diogula.

    2.- Oreka ekologikoa eta arrantza-ekosistemaren aldeko sektorearen interesak eta etorkizuna defendatzen burutuko diren iniziatiba guztiak lagundu eta bultzatuko ditugula.

    3.- Espainiako Gobernuak har ditzala hartu beharreko neurri guztiak, "itsas zabalean utzitako enmailezko sareak" edo bolantak ez ditzaten inoiz gehiago erabil E.B.an.

    4.- Euskal Erakundeek eskubidea izan dezatela arrantzaleen interesak Europear Batasunean defendatzeko.

    5.- Eusko Jaurlaritzak eutsi dezaiola arrantzaleen interesen defentsan erakutsi duen jarrera eraginkorrari.

    6.- Gure laguntza osoa ematen diogula Bilbon, Irailaren 24ean, arratsaldeko 6-etan izango den manifestazioari, eta gure herritarrei manifestazio horretara joateko deia luzatzen diegula.

    7.- Akordio hauen berri Europear Elkarteko Arrantzarako Batzordeari, Nekazaritza eta Arrantzarako Ministraritza, Kanpo Harremanetarako Ministraritzari, Gobernu Autonomodunei, bai eta Arrantzaleen Kofradietako Federazioei ere ematen diegula.

    Agerpen hau, Bermeo, Elantxobe, Hondarribia, Lekeitio, Mutriku, Ondarroa, Orio, Pasaia, Zumaia, Getaria, Donostia eta Santurtziko Alkateok izenpetzen dugu".

    AKTAREN BUKAERA.

    Aztertzeko beste gaiarik ez dagoenez, alkate-lehendakariak, arratsaldeko zazpi t´erdietan, buru eman dio bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta hau jaso eta nere sedespena ematen dut, nik eta bilkuran izan diren zinegotziak izenpetu duguna.

    Eguna