1993.eko Abenduaren 28ekoa

    Agiri mota

    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamahiruko abenduak hogeita zortzi, arratsaldeko zazpiak. Udalaren osoko-bilkura Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian bildu da, ohiz kanporako saioa egiteko. Lehenbiziko deialdian Aitor Sarasola Salaberria, Alkate eta Lehendakari dena, Josu Mirena Pontesta Garmendia, Gemma Arrillaga Albisu, Karmele Legorburu Irazu, Joxe Luis Agirretxe Mitxelena, Mikel Mitxelena Iza, Jose Antonio Dozagarat Andueza, Jesus Mª Martiarena Jaca, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Pello Garbizu Azkue, Jose Mª Boto Sancho eta Jose Varela Pampin, zinegotziak, bildu dira.

    Marzial Zabaleta Salaberria ez da etorri.

    Idazkaritza Miren Bruño Azpirozek egin du, behin-behingo funtzionaria.

    Lehendakaritzak batzarraldia ireki eta publiko deklaraturik, eta hasiera eman ahal izateko beharrezko asistentzia kuoruma badagoela Idazkaritzak egiaztatu ondoren, eguneko aztergai zerrendan sartutako ondorengo gai hauen azterketari ekin zaio.

    1. - Guztira 199.765.000 pezatakoa litzatekeen kreditu-eragiketaren egikaritza plenoak ontzat har dezan batzarraldi berezia egitea eskatuaz bost zinegotzik aurkeztu duten mozioa.

    Alkateak puntua aurkeztu du esanez, eskaera honetan agertzen diren puntuak (aurreko plenoan aipatu zen bezala, batzordeetan eztabaidatu eta aztertuko zirela zein egoeretan aurkitzen ziren), batzordeetan aztertuak izan direla, eta ondorioz plenora ekartzen direla bertan eztabaidatzeko edo erabakitzeko, ia egokia den, bost zinegotzik egindako kreditu eskaera aintzat hartzea, proiektu hauen egoera ikusita.

    Jarraian J.M. Botok hartu du hitza, eta, Alkateak esandakoei erantzunez, esan du ez dela lojikoa eta ezta zilegi ere aintzat hartzen dela esatea, zeren, haren ustez, aintzat hartuta eta onartuta lehendik dagoela, aurrekontuak aztertzeko osoko-bilkuratik; osoko-bilkura alde edo kontra azaltzea beste kontu bat izango dela, baina aurkezteko era hori ez dela zuzena.

    Segidan I. Urrestarazuk hartu du hitza, esanez puntu hauek batzordeetan aztertuak izan badira, berak Hirigintzako batzordera joateko aukera izan zuela eta hau ez dela jasotzen inongo diktamenetan.

    Alkateak erantzuten dio kasu hauetan egiten diren diktamenek ez dutela garrantzi handirik, batzordearen helburua puntu honen inguruan diktamena egitea ez delako, baizik eta informatzea proiektu bakoitza zein egoeretan degoen eta ea zilegi den aurten diru hau eskatzea, aurten betetzeko aukerarik ez badago.

    Beraz, esaten du diktamenari ez dagokiola esatea, alegia beharrezkoa den osasun zentru bat egitea edo SG1 urbanizatzea, edo Elias Salaberria kaleko espaloia beharrezkoa den.

    Alkateak dio, denak ados daudela behar hauei buruz, baina batzordearen helburua zein egoeretan zeuden informatzea dela eta ea zentzuzkoa zen dirua aurten eskatzea, aurten betetzen ez badira.

    Esaten du baita ere, batzordeetan argi gelditu dela ez daudela guzti horiek ejekutatzeko aukeran, kasu batzuetan proiekturik ez dagoelako, eta beste batzuetan beste hainbat arrazoiengatik, eta azpimarratu duenez, egin ez badira ere, ez da izan gobernu taldea kontra zegoelako.

    Segidan J.M. Botok hartu du hitza. Esan duenez, Alkateak esan duen hori, etorriko den arazoa zera hori gertatuko dela esatea bezain sinplea da.

    J.M. Botok dio, lojikoa denez, bada SG1 urbanizatzeko, konpondu behar den gauza, bada...

    J.M. Botok galdetu du ea gai hau finantzatzeko biderik izango den 94ko aurrekontuetan, zeren lege bat badela Udalak duen aurrekontuaren % 25eko zorra besterik ez daukala egiterik dioena.

    Orain aintzakotzat ere ez badute hartzen, gero ez dutela egingo iruditzen zaiola esan du J.M. Botok, ez dela modurik izango eta.

    Alkateak J.M. Botori erantzun dio, modurik ez dela izango esaten badu, Lezoko Udalak lan horiek egiteko finantzabiderik ez duela esaten ari dela, eta, hartara, berak dioela egiterik ez dagoela.

    J.M. Botok esan dio, ordea, Lezoko Udalak 200.000.000 pezetako zuloa izango duela 93ko urte erdi aldera esanahi zuela.

    Alkateak esan dio hori J.M. Botoren iruditua dela.

    J.M. Botok ezetz esan dio, kontuak atera behar direla, eta orduan ikusiko dela zer ateratzen den. Hark atera dituela kontuak eta 180-190 milioi inguruko zuloa izango dela ikusi duela. Eta arazo hori nola konpondu behar duen galdetu dio Alkateari.

    Alkateak esan dio, kontu horiek J.M. Botok ateretakoak direla, eta berak ezin duela kontu horiei begiratuta hitz egin, eta kontu horiek atera izana, izatekotan ere, J.M. Botoren arazoa dela.

    J.M. Botok esan duenez, Alkateak, orain 2 hilabete, ametitu egin zuen 80 milioiko zuloa zegoela eta artean hiru hilabeteko lan-sariak ere ordaindukizun zeudela.

    Alkateak dio orduan likideziaz ari zirela, eta ez zutela ezer ere esan abenduaren 31n izango zen zorraz. Zorra gauza bat dela eta ordaindu behar direnak ordaintzeko dirurik ez izatea beste gauza bat dela.

    J.M. Botok dio, ordea, ez dela likidezia kontua, zuloa dagoela hor eta hori dela kontua, zuloa zergatik egin den esan behar dela. J.M. Botok esan du 370 milioi baino askoz gehiago ez dutela bilduko (% 75), hipotesia dela baina kontuen gainean ateratako hipotesia. Edozein moduz ere, kontu hau dena gaizki kudeatu izanak ekarri duela; aurrekontuak zerutik etorritako mana izan balira bezala gastatu dituztela, baina dirua biltzeko ezer ere ez dutela egin.

    J.M. Botok esan duenez, orain arte ez da ezer ere izan, eta hirigintzaren aldetik, orain baino bi hilabete lehenagora arte behintzat, 5.000.000 pta. besterik ez dutela bildu.

    Alkateak esan dio berek behintzat garbi ikusten dutela Udalak ezin duela haiek aurrekontuetan egin duten planteamentuarekin jokatu: gerentea balitz bezala, nondik datozen inork ere ez dakien partida batzuekin, azkenean benetako izaten ez diren diru-laguntza batzuekin, eta batere funtsik ez duten sarrera esajeratu batzuekin. Inolaz ere ez dagoela esaterik berek arinki gastatzen aritu direnik, ehunetatik 43 besterik ez dutela gastatu eta. Gainera, haiek gastatzeko sartuta zeuzkaten partida asko ere (politikoen sariak, plantilan ageri ziren zenbait lanpostutako lan-sariak...) ez dituztela gastatu, gastatu izan balituzte gastua ikaragarri igoko zela eta.

    Hurrena J.M. Botok hartu du hitza. Alkateari esan dio esan dituenak ezertxo ere ez dakielako edo lelo papera eginten ari delako esan dituela, gastatzeko bildu egin behar dela lehenbizi, gauzak aurrera atera behar direla.

    Alkateak esan dio J.M. Botok-eta aurrekontu bat asmatu dutela eta beren kontua dela aurrekontu hori bete zitekeela sinistu badute, erakutsi daitekeela eta, auditoria eginez, aurrekontuan ageri diren partidak esajeratuak direla, funtsik gabekoak.

    J.M. Botok, esandakoa demostratzeko eskatu dio Alkateari.

    Alkateak erantzun dio, guztiak ados badaude, gobernu taldeak ez duela maratilarik jarriko lehen esandakoa erakusteko auditoria egin dadin.

    J.M. Botok erakusteko eta erakusteko esaten dionez, Alkateak, hitza hartzen diola esan dio.

    Ondoren, P. Garbizuk hartu du hitza. Kreditua aldatzea edozein Udaletan ere normal egiten den gauza dela esan du, eta ez duela Lurdesko mirariak adina hotsik ateratzen. Gainera, Alkateak, aurretik emana bide zuen horren aurrekontu penagarri, oker, infernu eta etsaizkoaren krediturik aldatu ez badu, jakin, nahi edo ezin izan duelako besterik ez dela.

    P. Garbizuk dio, nahi izan ez badu axolagabea dela, ezin izan badu gauzaeza, eta jakin ez badu ezjakina. Alkateari esan dio nahi duena aukeratzeko hiruetatik; baina aurrekontua aldatu ez badu, gustatzen ziolako dela.

    Hurrena, osoko-bilkurako gaiari lotuz, aurreko gobernu taldeak onartu zuen aurrekontua indarrean dagoela esan du P. Garbizuk, oraingoek ez dutela aldatu, eta indarrean dagoen aurrekontuak ia 200 milioiko kreditu eragiketa egitea jasotzen duela.

    Gainera, abuztuaren 26an galdetu ziotela aurrekontuarekin zer asmo zuen Alkateari eta abenduaren 1.gora arte ez dutela erantzunik jaso.

    Era berean, aurkaritzak urriaren 29an eskatu zuela, legez, ohiz kanporako osoko-bilkura egitea esan du. Eskabide hartan, berriz, "erabiltzeko moduko kreditua zenbatekoa den ikusi eta gero", aurrekontuko mugak kontuan hartuta, beti eskatzen zieten aurrezki-etxeei eskaintzak egin zitzaten eskatzea galdatu zutela, behar ziren azterketak, diktamenak eta informeak egin ondoren ohiz kanporako osoko-bilkura egin zedin, behar zen epe luzerako kreditua eskatzea onartu ala ez eztabaidatzeko.

    Bere hizpidean aurrera, aurkaritzak azaroaren 3an eskatutako osoko-bilkura abenduaren 28an egingo zela, legeak ematen duen epea azken hondarreraino aprobetxatuz, esan ziela Alkateak adierazi du P. Garbizuk.

    Hala berean, P. Garbizuk esan du azaroaren lehenengoan eztabaita bat izan zela Kontuhartzailearen eginkizunez eta gaurko plenorako diruzaintzako 70 milioiko eragiketa hartarako ekarri ziren agiri guztiak ekarri behar zirela hitz egin zutela.

    Gaurko gai-zerrendaren arabera, ordea, ez dutela kreditua onartzea eztabaidatuko, "aintzakotzat hartzea" delako koletila erantsi dela eta.

    Gainera, kreditu-eragiketa bat egiteko legeak eskatzen dituen informeak ere falta direla.

    P. Garbizuk dio hura ez dela haiek eskatu zuten osoko-bilkura, zeren aintzakotzat hartzea baino gehixeago eskatzen zutela haiek. Honelako osoko-bilkura bat egiteko ez zegoela 2 hilabete itxaron beharrik.

    Miraria gertatu eta puntu hau aho batez onartuko balute ere, ez legoke betetzerik, 11/89 Foru Arauak dioena betetzeko denborarik ez dagoela eta.

    Azkenean, P. Garbizuk esan duenez, Alkateak galerazi egin dio osoko-bilkurari gai honi buruzko iritzia ematea, osoko-bilkuraren eskubidea zapaldu du eta aurkaritzako proposamena boikoteatu eta galdu eragin du.

    Segidan, botereko gehiegikeria den eta eskubideak zapaldu diren galdetu dio bere buruari. Gainera, Erregeek eta Olentzerok munduan den ikatz guztia, kalabazak eta haren mesprezu guztia ekar diezaioten opa dio Alkateari.

    P. Garbizuk, kreditu-eragiketari ukoa zergatik eman ote dioten galdetu dio bere buruari. Berak bere buruari erantzun dioenez, 93ko obrak ezin direla egin eta horregatik izan dela esan dutela, hori da arrazoia.

    P. Garbizuk dio, ordea, 94 edo 95eko obrak egiteko aurten eskatu behar da kreditua, eta orain eskatu daiteke.

    Hark dioenez, orain badago aukera 200 milioiko kreditua eskatzeko, 94an eskatzeko aukerarik izango den ordea ez dago bermatzerik.

    Orain dagoen aukera aprobetxatu egin behar zela esan du P. Garbizuk, baita diru hori proposamenak aipatzen ez dituenetan (eztabaidatzekoak izango zirenak) gastatzeko ere.

    Haren esanetan, Udalak ez zuen ezer ere galduko proposamen hau aprobetxatuta, irabazi handia izango zuen. Hori erakuste aldera, 1992ko urriaren 7an aurkeztutako idatzi bat irakurri du. Honako hau dio idatzi horrek:

    "Lotsagarria da inbertsioak herribide batzuk, Aldundiaren diru-laguntzarik ez dutenez egin ere egingo ez direnak, eta lehendik eginda dauden proiektu eta aurreproiektu batzuk (Anbulategiko proiektua, Eskolak, S.G. 1eko urbanizazioa) egitera mugatzea.

    Datu hori, hirigintza alorrean dagoen planifikaziorik ezaren eta proiektu eta aurreproiektu horiek egiteak dakarren dirua alperrik galtzearen erakusgarri da. S.G. 1ean gertatutakoa salatu behar dugu; izan ere, hantxe daude herri honetako kirol ekipamendu beharrik handienak (eskolak eta kiroldegia).

    Herri Batasunak lehen ere salatu zuenez, Gobernu Taldeak hartutako erabakiak ekipamundu horiek atzerarazteko bestetarako ez dira izan. Izan ere, egiten hasita egon behar ziren Gobernu Taldeak hainbeste atzerapide jarri ez balitu".

    P. Garbizuk dio, lehen hori eta orain beste kontu bat esaten ari dena ere zerbait aldatu dela, eta azalpenen bat eman beharko duela.

    Jarraian Alkateak hartu du hitza. Eskerrak eman ditu lehen, herriari 12 milioi kostatu zaizkion aurrekontuak egiteko beste pertsona bat kontratatu edo subkontratatu behar izan duen pertsona batek, jarri dizkion kalifikatibo horiengatik: "gauzaeza" eta horrelakoak.

    P. Garbizuk dio, gauzaez kalifikatibo hori aukeran jarri diola, eta 12 milioi horiena gezurra dela, nahi dutenean hitz egingo dutela horrezaz eta eztabaida egun bat jartzeko eskatu du.

    Alkateak, mesedez haren txanda dela eta errespetatzeko eskatu dio P. Garbizuri. Lehen ere, P. Garbizu Gobernu Taldean zela eta haiek aurkaritzan, ohiz kanporako osoko-bilkurak egitea eskatu izan zutela eta ez zietela batik ere eman. Beraz, P. Garbizu ez dela pertsonarik egokiena eskubideak zapaltzen ari direla esateko.

    Beste alde batera, Alkateak dio hura ez dagoela aurkaritzako kapritxoak betetzeko, eta ez duela ametituko gai batzuk politikoki erabil daitezen. Eta ez duela denborarik galduko zentzurik gabeko eskariei erantzuten.

    Gainera, esan du, gai hauek batzordeetan aztertu dira eta han parte hartzeko aukera izan du. Batzordeetan izan ez bada, berriz, bere erantzunkizuna dela, baina orain ez etortzeko harengana horrelako diskurtsoak eginez.

    Alkateak esan die, aurten kreditua eskatzeko bidea badagoela eta hurrengo urtean ez dela biderik izango esaten dutenean, Udalak ezin izango diela urte askotan haiek esaten dituzten kredituiei bueltarik eman ere esan egin behar dela. Horrela, bada, gero buelta ematerik izango ez den kredituan sartzea arriskutsu samarra iruditzen zaiola.

    Hurrena I. Urrestarazuk hartu du hitza. Esan duenez, hura eta J.M. Boto izan ziren Hiringatzako Batzordearen bileran, eta ez zaio iruditzen gai guztiak aztertu, eztabaidatu eta zer egoeratan zeuden garbi geratu zirenik, han jaso zuen guztia Alkatearen galdera sorta bat izan zela esan du. Esate baterako, zenbat diru jarri duzu hemen, zer gestio egin zenituen, e.a. Beraz, ez zaiola iruditzen puntu hura Gobernu Batzordeko bileran aztertua dagoenik esan du.

    Alkateak subentzio fantasmak esaten duenean, egia ala gezurra den esateko eskatu dio I. Urrestarazuk Alkateari. Esate baterako, lehen sarreren atalean kiroldegiarentzat 122,5 milioi baldin baziren (ea 112,5 milioi horiek baziren ala ez ziren), ea zergatik ez dauden orain.

    Alkateak erantzun dio, hark oso ondo dakiela zergatik ez dauden eta ez diola istorio osoa errepikatuko, ongi aski baitaki Foru Diputazioak eskutitza bidali zuela gaia zein egoeratan zegoen azalduz, eta eskutitz horri urtebete beranduago eman zitzaiola erantzuna. Eta I. Urrestarazuk Alkatetza hartu zuenean bazeukala iada kiroldegia egiteko proiektu bat; eta proiektu hori atzera botea izan zela, berri bat enkargatuz, eta horrelako ihardunbidearekin lortu zen gauza bakarra bi urteko atzerapena izan zela.

    Azkenik, eta Diputazioaren subentzio kentzeari buruz, Alkateak dio J.M. Martiarenak berak ere zergatik izan den badakiela.

    Jarraian, J. Varelak hartu du hitza Alkateari azaltzeko nola MOPUk kolektoreen gaian adibidez, Pasaia eta Errenteriari egin dien bezala, kolektoreen % 100a zuela subentzionatua; eta ea Lezoko barruko sarea konpontzeko kopuru bat jarri den.

    J. Varelak dio beraiek 15 milioi dituztela jarrita kolektoreen gaian, barruko sarearen saneamedurako gaia zela eta kolektoreez ez dela ezer esaten; esan du ere, MOPUk zeukala Pasaiko Badiako kolektoreak egin eta jartzeko negoziazioa, Pasaia eta Errenteriari eman zaienaren antzera, hots, % 100a, eta harritzen duela ezer ez esateak.

    Esan du ere, ez dela ezer esaten beste gauza batetaz, Osasun Zentruaz alegia. Aipatu du, lurzoruak gestionatuta daudela eta Portuko Juntak emanak, eta aurreproiektu bat egin dela eta beste ezer gehiago ez dela esaten; soilik, % 25a jartzen dela osasun zentruak eskatzen duena egiteko; eta Alkateak ez diola erantzun berak eginiko galdera bakar bati ere, inuxentekeria dela deritzo, Alkateak ez baitio inongo paperik bidali hau edo bestea gestionatu dugu, ahal izan dugu edo ez dugu, esanez; eta badirudiela inolako gestiorik ez dela egin.

    Alkateak J. Varelari esan dio gauza okerrak esaten ari dela, eta ez dutela zer ikusirik hemen jasota dagoenarekin; adierazi dio ere, ez dela egon gai horiek landu direneko batzordeetan eta gai horiei buruz ezertxo ere ez dakiela erakusten ari dela. Aipatu du, J. Varela batzordeetan egon balitz jakingo zukeela zergatik, nola dauden eta zeri dagozkion 15 milioi horiek. Bukatzeko, Alkateak dio, gezurra dirudiela hori ez jakitea gobernu taldean egona denean.

    J. Varelak dio batzorde bakarrean egon dela eta nahiko izan duela. Aipatu du ere, kolektoreen gaiari buruz, udal batzordeetan izan ez bada ere ikertzen aritu dela eta gai hori ez dela inoiz landu, eta inoiz ez dela kolektoreetarako subentziorik eskatu; era berean, gai honekin zer egin den idatziz froga diezaion eskatu du.

    Alkateak dio, kolektoreen gai honetan lehenbizi proiektu bat eduki beharko dela eta gai horretaz hitzegiten ari direla proiekturik gabe kolektore horiek orain bertan egiterik balego bezala.

    J. Varelak zuzendu dio esanez aurreproiektua egin behar dela eta Confederación de Aguas del Norte deritzonera eraman, eta horrekin beraiek exekutatuko zutela.

    Une honetan, Zerbitzutako Batzordeko Lehendakari den J.M. Pontestak hartu du hitza esateko, uraren gaiaren inguruan, une honetan Añarbeko Mankomunitatea uraren zikloaren gaia lantzen ari dela eta Mankomunitate horrek bere gain hartzen badu ez duela berak MOPUrekin zuzenean konponduko Añarberko Mankomunitateak berak baizik.

    Ondoren, Alkateak J. Varelari aipatu dio ideiarik ere ez duela eta batzordean lantzeko gaia dela eta, hortaz, batzordeetara azaltzeko.

    Boto jaunak hartu du hitza ideiarik ez duena Alkatea dela esateko, hemen zenbatean dagoenari buruz egin bait dira galderak; eta ez bada kredito operazioa egiten ea nola egin behar den hau; galderak oso argi eta laburrak direla seinalatu du. Boto jaunak esan du Osasun zentrorako terreno bat dagoela eta hitzarmen bat kudeatu behar dela INSALUDekin, eta aurreproiektu bat badagoela, eta galdetu egin du ea zeinekin gestionatu behar duen hau; ez dela gestionatu esan du; eta kredito operazioa egiten ez bada ea zer egingo den galdetu du; ea ezer egin den, ezer ez dela egin esanez.

    Alkateak galdetu du ea zertarako nahi duen kredito operazio bat; edozein kasutan ere betetzeko izango dela, eta lehenago aurrepausu batzuk eman beharko direla.

    J.M. Botok esan du osasun zentrorako terreno bat dagoela, aurreproiektu bat, eta gestionatu egin behar dela; baina ez badago dirurik (galdetu egiten dio bere buruari), zer gestionatu beharko da esaten diotenean %40a aportatu behar duela.

    Alkateak galdetu dio ea nork jarriko duen %60a.

    J.M. Botok erantzun dio Osakidetzak jarriko duela.

    Alkateak zehaztu dio batzordeetara etorri izan balira jakingo zutela nola dagoen gaia, eta bukatu du esanez, gaiari buruz ez badakite ezer, ezin dela jarraitu hitz egiten..

    I. Urrestarazuk esan du ikaragarri ondo iruditzen zaiola hain batzorde onak egotea eta gero diktamenik ez egitea.

    J.M. Botok hartu du hitza partehartze partidista bat egin dela esateko; galdetu du hau ez bada egiten, ea nork galtzen duen, alderdi batek edo herriak, inkoherentetzat joaz Alkateak egindako iradokizunak.

    Boto jaunak bukatu du esanez hau ezin bada egin, ezer ez delako gestionatu dela, kiroldegia eraikitzeko zeuden 120 milioi galtzearen erantzuleak direla azpimarratuz, ez baitute ezer ere gestionatu. Galdu den guztiaren erantzule direla esan die, ez delako ezer gestionatu, eta espero duela datorren urtean zerbait gestionatzea.

    Jarraian J.M. Martiarenak hartu du hitza, batzorde informatiboak egiten direla esanez eta etorri egin behar dela, eta zinegotzi batzuk agertu edo ez direla agertzen (mahaiaren ezker aldean daudenengatik). Bera interesatu eta ahal duenetara etortzen dela azpimarratu du.

    Alkatetza berria eragin zuen arrazoietako bat informazio falta izan omen zen gizon berezi baten iritziz (Dozagarat jaunari buruz ari da), eta gizon hori nonbait ez da inongo batzordetara azaltzen, baina gero denetik omen daki, Alkateak botua ematen duen zentzuan emanez, bere korrontea segituz.

    J.M. Martiarenak zehaztu du ez dela beharrezkoa J.A. Dozagarat osoko-bilkuran egotea, Gobernu taldekideak sei izanik, beraiek beste sei, kalitate botoa erabiliz gero ez omen dute ezertarako behar.

    Alkateak esan du juridikoki ez omen dela oso bidezkoa.

    J.M. Martiarenak eskatu dio G. Arrillagari errespeto pixka bat, bera oposizioan zegoenean "Niagarako kataratak" botatzen omen zituelako, eta beraiek ez ziotela barre egiten, bera berriz barre algaraka aritzen dela, eta ez badu edukazio pixka bat erakusten Alkateari eskatuko diotela bestelako portaera erakus dezan esijitzea.

    Bestelako interbentziorik ez dagoenez, gaia osoko-bilkuraren iritzira jarri eta guztira 199.765.000 pezetakoa litzatekeen kreditu-eragiketaren egikaritza plenoak ontzat har dezan batzarraldi berezia egitea eskatuaz bost zinegotzik aurkeztu duten mozioa atzera bota dute, gehiengo osoz. Aldeko botoa I. Urrestarazu, P. Garbizu, J. Varela, J.M. Boto eta J.M. Martiarenak eman dute, eta A. Sarasola, J. Pontesta, G. Arrillaga, K. Legorburu, J.L. Agirretxe, M. Mitxelena eta J.A. Dozagaratek.

    Aktaren bukaera.

    Iluntzeko zortziak hamar gutxiagoan, aztertu beharreko gaiak aztertu dituztenez, Alkate-Lehendakariak bukatutzat eman du bilera. Nik, behin-behingo idazkari naizen aldetik, akta hau jaso, nik eta bileran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu duguna, eta nere sendespena ematen dut.

    Eguna