Lezon, mila bederatziehun eta laurogeita hamahiruko urriaren hogeian, hogei ordu eta hogeita hamar minutuetan bildu da Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian Udal Plenoa, urjentziazko batzarraldi berezia ospatzeko xedez, Aitor Sarasola Salaberria J. Alkatearen lehendakaritzapean, eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Josu Mirena Pontesta Garmendia J., Gemma Arrillaga Albisu A., Karmele Legorburu Irazu A., Joxe Luix Agirretxe Mitxelena J., Mikel Mitxelena Iza J. eta Jose Antonio Dozagarat Andueza J. Ez dira bertan izan ondorengo zinegotziak: Marcial Zabaleta Salaberria J., Jesus Mª Martiarena Jaca J., Iñake Urrestarazu Azurmendi A., Pello Garbizu Azkue J., Jose Mª Boto Sancho J. eta Jose Varela Pampin J.
Idazkari gisa, Miren Bruño Azpiroz A. behin-behineko funtzionaria aritu da.
Lehendakaritzak batzarraldia ireki eta publiko deklaraturik, eta hasiera eman ahal izateko beharrezko asistentzia quoruma badagoela Idazkaritzak egiaztatu ondoren, eguneko aztergai zerrendan sartutako ondorengo gai hauen azterketari ekin zaio.
0.- Batzarraldi honen premiazko izaera berrestea.
Aho batez berretsi da gaurko batzarraldiaren premiazko izaera.
1.- Unibertsitate honetan azken aldi honetan erre dituzten hiru automobil direla eta Asensio Viaña Baldak Herri-Asanbladaren izenean aurkeztutako mozioa irakurri eta onartzea, hala balegokio.
Herri Batasunak Udal Plenoari aurkezturiko Lezoko Herri Asanbladaren mozioa aztertu ondoren, ahobatez, onartzea erabaki da, aipatu mozioak honela diolarik hitzez-hitz:
"Lezon gertatutako eraso faxistei buruzko mozioa.
Urriak 9 ostiralean goizaldeko 4:30etan futbol zelai inguruan Renault berde metalizatua erre zuten. Lekuko batek ikusi zuenez, kotxea bapatean eta izugarrizko suaz hasi zen erretzen. Honek kotxea gasolinaz edo antzeko produkto batez erre zutela adierazten digu. Aipatzekoa da duela hilabete bat, marka eta kolore berdineko beste kotxe bat erre zutela, normalki bigarren kotxe hori aparkatuta egoten den leku berdinean.
Beste kotxea urriak 10 goizaldeko ordubatean erre zuten Pysbe auzoan. Aurrekoa bezalaxe kotxea berehala erre zen hainbesteko indarrez, bizilagunek bere semealabak esnatu eta sua eta leherketaren beldurrez (kotxea etxeetatik 3 metrotara zegoen) etxeak ustu behar izan zituztela.
Aipatzekoa da baita ere bi kotxe hauen jabeak herri honetan oso ezagunak direla herriko erreibindikapenen alde borrokatzeagatik. Hori dela eta zenbait epaiketa dituzte poliziarekin, batzutan hauek salatuz bestetan hauengandik salatuak izan direlarik.
Bi sute hauek ez dira nolanahi gertatu, gaur egungo sistema politiko eta sozialaren aurrean kritikoki jokatu eta benetako PAKE eta ASKATASUNAren alde borrokatzen duten jendea zigortu eta beldurtzeko asmoz, eginak izan dira.
Honelako ekintza basati eta koldarrak larriagoak dira, bai zenbait alderdi politiko, epaile, polizia ezberdin, komunikabide edo elementu inkontrolatuen inpunitate edo babesean eginak direnean.
Elkartasun eta errespetoan oinarritutako herri aske, euskaldun eta bizitzeko egokiago bat defendatzeagatik, intsumiso izateagatik, langabetu, preso, errefuxiatu, inmigrante eta orohar zapaldu guztiei elkartasuna adierazteagatik, errepresioa, tortura, eta gartzela jasaten ohituta gauzkate, bai Lezon, bai Euskal Herri osoan.
Jasaten ari garen errepresio gogor haren aurrean, Lezoko herriak aurrera jarraitzen du bere zilegizko errebindikapenekin, eta horrek ematen die benetako mina.
Hala eta guztiz ere larriena ez da hiru kotxeren erreketa (bi 24 ordutan). Hau, botereak eskeintzen dien babespean egiteko gai diren astakerien adar bat besterik ez bait da.
Badakigu, sistema hau mantentzeko, hainbat eta hainbat baliabide krudel dauzkatela, are gehiago desinformazioa bultzatuz "gehingoaren" laguntza dutenean. Hitlerrek ere bazuen gehiengo hori. Egia esan, historian zehar beti izan dira eta dira hauteskundeetan babesten diren faxistak, beraien helburu nagusia gero eta botere haundiagoa lortzea bada ere.
Hala ere, eta aurkako hainbeste zirkustantzi eduki arren, herri honetan, nahiz taldeka nahiz pertsonalki, faxismoak gero eta aukera gutxiago edukiko dituen gizarte juxtu, lagunkide eta alaiago baten alde borrokatzen jarraituko dugu, alde batetik, gure poztasun eta atseginagatik, eta bestetik, modu honetan betikoen oparotasuna mantentzen duen sistema honi maskara kentzen laguntzen dugulako.
Idazki hau honako elkarteek sinatu dute: Lezoko Herri Asanblada, Amnistiaren Aldeko Batzordea, Tiñelu, Jaizkibel Azpi PYSBEko Hauzo Elkartea, Altamirako Hauzo Elkartea, Lezoko Insumiso Taldea, Altamirako Gazteak, Lezoko Ekoloji Taldea, Lezoko Eskalada Taldea, Txerrimuño, Lezoko Zineklub,...
Urriaren 15ean Lezon egindako herri asanbladan honako mozio hau Udalari aurkeztea erabaki zen, jarraian datozen puntuak onar daitezen:
1.- Gertatzen ari diren ekintza errepresibo guztiak gogorki salatu eta gaitzeztea, eta bereziki mozio hau egitera behartu duten "gerra zikineko" azken hauek.
2.- Benetazko Bake eta Askatasuna lortzeko, herri honek dituen errebindikapenen alde borrokatzeak duen zilegitasuna onartzea.
3.- Kaltetuei elkartasuna adierazi eta laguntza ematea. Zentzu honetan, Udalak sinbolikoki, kalteak ordaintzeko kaleratu diren "ERRETAKO KOTXEEN ALDE" hamahiru laguntza bono erostea, Udala osatzen duten zinegotziak hamahiru baitira.
4.- Udalak, gertakari hauek ikertu eta argitzeko eta hauen arduradunei dagokien zigorra emateko dituen medio guztiak erabiltzea.
5.- Onartutako mozio hau, medio ezberdinez (komunikabide, etab.), ahalik eta gehien zabaltzea."
Puntu honi dagokionean ondorengo azalpenak egin dira:
Mitxelena J.k hartu du hitza, "Paktoko udal ordezkari"tzat hartzen dituenen jokaera gaitzetsi duelarik, Plenora ez etortzeagatik, argi geratzen baita herri iniziatibaren alde lan egiteko zenbaterainoko borondatea duten.
Bestalde, adierazi du Herri Asanbladaren proposamena guztiz bidezkoa dela Herri Batasunarentzat, herriko elkarteek izenpetzen dutelako, eta argi geratzen delako gertaera hauek azken aste honetan sortu duten egoneza eta tentsio eta errepresio giroa.
Gertaera hauek gogor salatu ditu eta, halaber, gertaera hauen eragina zuzenean beren gain jasan dutenenganako bere taldearen elkartasuna adierazi du, gertaera hauek direla eta herria inkontrolatuen esku geratzen ari baita, edozein herritar izan daitekeelarik hurrena kalteak jasan ditzakeena, eta sortu litezkeen arazoak gero eta larriagoak izan daitezkeelako.
Bestalde, adierazi du bere taldeak Herri Asanbladak aurkeztutako mozioari dagokionean baiezko botoa emango duela, eta hau dela plenoaren bidez eman daitekeen erantzun instituzional bakarra.
Halaber, mozioaren hirugarren puntua aldatzea proposatu du: horrela, "Udalak sinbolikoki, kalteak ordaintzeko kaleratu diren ERRETAKO KOTXEEN ALDE bono laguntza bat erostea" dioen lekuan, "Udalak sinbolikoki, kalteak ordaintzeko kaleratu diren ERRETAKO KOTXEEN ALDE hamahiru laguntza bono erostea, Udala osatzen duten zinegotziak hamahiru baitira" esan behar du.
Aktaren amaiera
Eta beste aztergairik ez dagoenez, hogei ordu eta berrogei minutuetan lehendakaritzak bukatutzat eman du batzarraldia, bertan diren zinegotzi guztiek nirekin batera sinatzen duten akta hau jasorik eta nik, idazkari gisa, hau guztia ziurtatuz.