Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2002ko uztailaren 24an, 19:00 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria (EH) alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza (EH), Imanol Esnaola Arbiza (EH), Juli Del Sol Bermejo (EH), Inmaculada Muñoz Martínez (EH), Iñaki Zabaleta Zabala (EH), Iñaki Labaka Loperena (EH), Pello Garbizu Azkue (EAJ), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE), Ainhoa Villanúa Ayuela (PSE), Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA) eta Gurutze Sein Cordero (EA).
Ez da bertan izan Jesus Mª Martiarena Jaka (EAJ), ezin etorri izana azaldu du aurrez.
Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkari Xabier Loiola Aristik.
1.- Alkatearen erabakien kontu ematea: alkatearen 149. Dekretuarena.
Alkateak 149. dekretuaren kontu eman du, Aitor Iztueta Garaikoetxea, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuen arduradun izendatu duena.
2.- Batasunaren mozioa uztailaren 13ko erasoei buruz.
Imanol Esnaolak Batasunaren mozioa aurkeztu du, hitzez hitz hauxe dioena:
" Adierazpen eta manifestazio eskubideari erasorik ez!
Uztailaren 13an herritar multzo handi bat Jose Lorentxo Aiestaran herriko semeak Venezuelan bizi duen egoera salatzeko manifestazioa egiten ari zen. Euskal preso eta iheslarien eskubideen eta etxeratzearen aldeko aldarrikapenak azken urteotan herriko indar sozial eta politiko gehienen babesa jaso du. Hamaika udal batzar, batzorde, manifestazio, bilkura, baraualdi eta agerraldi egin da aldarrikapen hauekin. Lezoko Udalak ere joan den maiatzaren 10ean ospatutako udalbatzan Joxe Lorentxo Aiestaran lezoarra eta gainontzeko errefuxiatu politikoek bizi duten egoera dela eta mozioa onartu zuen.
Uztailaren 13an gertatutakoa ez dago justifikatzerik. Manifestazioa baimendurik zegoen, aldez aurretik ezagutzen zituen Ertzaintzak manifestazioaren gaia, ordutegia eta ibilbidea. Baina Ertzaintzak manifestazioa eteteko borondate argia zuen eta aitzakia bila ibili zen: lehenik oihukatutako leloak zirela eta, ondoren Txillidaren ikurra pankartan eramatea ilegala zela esanez; herritarrak zirikatuz; kolpatuz eta kargatzeko mehatxua eginez... Alferrik izan zen manifestazioa bukatzen uzteko eskatzea, agerikoa zen manifestazioa lehertzeko borondatez zetozela, aurreko egunean Errenterian Lezoko seme den Iñaki Nogueirari egindako omenaldian egin zuen bezala. Zer dela eta lehertu amaieratik berrehun metrotara? Zer dela eta alkatearen eskaerari jaramonik egin gabe, era baketsuan burutzen ari zen ekitaldi bat modu horretan zapuztu eta oraindik ikusteke dauden ondorioak eragin?
Azkenean pankartaren aurrean zihoazen herritarrak, tartean Aitor Sarasola Alkatea eta Mikel Mitxelena alkateordea atxilotuta eraman zituzten, eta Madrileko Entzutegi Nazionalean diligentziak ireki. Nabarmendu behar Ertzaintzako buruek Udal Agintarien aurrean erakutsitako jarrera prepotentea eta hauen eskaerei inongo jaramonik egin ez izana. Beste hainbatetan istilu larriak ebitatzeko hain baliagarria izan den udal agintarien interlokuzio papera zapuztu zuten. Ertzantzak bere jarrerarekin, berriro ere, herritarren adierazpen askatasuna bortxatu zuen, giza eskubideen aldarrikapena bera konfliktorako gai bihurtuz. Beraz, zein beste aukera gelditzen zaie euskal herritarrei? Espainolen legeak beteaz ere kalez-kale ibili ezin baldin bada zer egin behar da giza eskubideen bortxaketen kontra? Isilik egon? Zer egin behar da Madril eta Paristik gure herriak arlo guztietan egiten dituen bortxaketen kontra, geldirik egon? Hori al da Eusko Jaurlaritzak nahi duena? Hori al da Gasteizko gobernua osatzen duten hiru alderdien programa politikoa?
Honelakoak gehiago ere bizi izan ditugu, zoritxarrez oraindik ere honelakoak bizitzen ari gara eta gero ere bizi beharko ditugulakoan gaude. Euskal Herria, ez baitago, Madril eta Parisek (eta Euskal Herrian dituzten morroiek) eragiten duten zapalketaren aurrean isilik egoteko prest.
Beraz, azalpen hauek emanda, Lezoko Udal Batzari honakoak proposatzen dizkiogu:
- Gertaeren inguruko azalpen ofiziala eskatzea Ertzaintzako buruei.
- Bai gertaeren inguruan, bai diligentzien irekierak eragingo dituen urratsen inguruan Lezoko herriari informatzea eta egokiak ikusten diren mobilizazio eta protesta deialdiak egitea.
- Eusko Jaurlaritzari eskatzea Espainiako auzitegiek eta gobernuak herri honen zati handi baten aldarrikapenak eta proiektu politikoa zapuzteko egin duten apustuan laguntzeari uko egitea.
- Atxilotutakoei Udalak behar duten babes juridikoa eta laguntza eskaintzea gertaera hauen ondorioz kalterik jasan ez dezaten.
- Lezoko Udalak Euskal Preso eta Iheslarien eskubideen defentsan eta gure Herriari Bakea eta Askatasuna ekarriko dion konponbide demokratikoaren alde lanean jarraitzea.
Imanol Esnaolak Ertzaintzaren jarrera arbitrarioa gaitzestsi du, alkateari eta lehen alkateordeari emandako tratuaren bidez Lezoko udal erakundea gutxietsi baitzuten. Hartara, manifestazio eskubidea erabiltzeagatik, espetxeratzeko mehatxupean argiketa Entzutegi Nazionalera eramateko erabakia hartu zuten. Honengatik, gainerako alderdiek euren jarrera ager dezatela eskatzen du.
Pello Garbizuk idatzi bat irakurtzeari ekin dio, akta honetan transkribatzen dena, non mozioari buruz duen iritzia azaltzen duen.
Honela dio:
Batasunak, hil honen 13an Lezon manifestaldi bat egiterakoan Ertzaintzarekin gertutako iskanbilak direla eta, Mozio bat ekarri du gaurko Plenora.
Mozioan oso akusazio larriak egiten zaizkio Ertzaintzari eta Batasunak proposamen hori onar dezan eskatzen dio Udal Batzarrari, Plenoak gertaeren berri beren ikuspegitik baizik jakin gabe.
Balorazio politiko bat egin nahi bada, alde bakar batek duen ikuspegitik baizik ez erreparatzea ez da egokia, bestea ezagutu gabe. Batasunak, berak esaten duenaz fidatu behar dugunik ezin digu esijitu.
Ertzaintza herri honek gehien estimatzen duen erakundeetako bat da, bere erabaki demokratiko batez sortua. Ertzaintza ez da alderdi poltiko baten polizia, legearen menpe eta demokratikoki aukeratutatako parlamentu batetik sortutako gobernu baten aginduetara dagoen polizia baizik.
Ez da gaurko Pleno hau beraz, momentu eta lekurik aproposena balorazio politikorik egiteko, behar adina informazio ez dugulako eta gainera, Eusko Jauralaritzari Ertzaintzaren jarduera dela-ta argitasunik eta erantzukizun politikorik eskatu behar bazaizkio, Eusko Legebiltzarraren bitartez egitea bezalakorik ez dagoelako. Batasuna-k badaki bide horretatik ibiltzen eta edozein ekimen-parlamentari erabil dezake.
Ez dakigu nondik sortu ziren iskanbilak. Badirudi, mozioak dioelako, ohikatutako leloak eta ikurren batek zer ikusirik izan zutela. Baldin eta legearen kontrakoak balira, ez litzateke zuzen izango Ertzaintzari prebarikaziora bultzatzea.
Badirudi manifestazioak, berrehun metro ez beste, ia ibilbide guztia egin zuela. Ertzaintzak manifestaldia lehertu nahi izan balu, ez luke bukaeraraino itxaron beharrik.
Gure Herrian adierazpen askatasunak eraso gehiegi ditu. Larrienak ETAk eraginak: heriotz zigorra ezartzen die berak nahi bezala pentsatzen ez dutenei eta beren pentsakera hori publikoki agertzen duten zenbait kazetari, kontzejal eta beste asko hil egin ditu. Ongi dakigu hori.
ETAk adierazpen askatasuna eragotzi nahi dielako ibili behar dute bizkarzainen babesean, beste askok bezala, gure bi korporaziokidek. Baina hori ez da ikusi nahi.
Adierazpen askatasunari uko egin ez ziolako kondenatu zuen ETAk Jose Luis López de Lacalle heriotz zigorrera, beste kazetari batzuk bezala. Lezoko EHk "Heriotz zigorraren gauzapenari gaitzespenik tinkoena erakutsi" baldin badio ere, badirudi gaitzespen hori Euskal Herritik urrutirako dela, ez baizuen López de Lacalle-rengan gauzatutako heriotz zigorra gaitzesteko adorerik izan, nahiz eta, bete betean, adierazpen askatasunari eraso egin.
Adierazpen Askatasunaren defentsan eta Bizitzeko Eskubidearenean, ez dugu era bateko eta besteko erasogileak eta holako eta halako erasotuak bereizteko jokoan parte hartuko, zein edo zein direla ere, eskubideak denontzat eta salbuespenik gabe izan behar dutelako; ezin digu, beraz, mozioan egiten den Adirazpen Askatasunaren aldeko aldarrikapenak sinesgarritasunik eman.
Zilegizkoa da Ertzaintzarekin kritikoa izatea, baina onartezina ETAren aurrean akritikoa izatea.
Alkateak erantzun dio esanez beste bertsio bat nahi baldin badu, berea eta argiketetan jasotzen dena emango diola, bietan ezagupen zuzena baitu, gertakizunen protagonista izan baitzen. Manifestazioaren buruan zihoan pankartan marraztuta zegoen ikurra izan zen iskanbilaren iturria: Ertzaintzaren buruaren ustez, legez kanpokoa zen eta honek eragin zuen hauen esku hartzea. Alkatearen eta lehen alkateordearen bitartekari eta elkarrizketa lanek bien atxiloketa, argiketa bat egitea eta hau Auzitegi nazionalera igortzea ekarri zuten, batzuek zein besteek gertakizunen inguruan egingo dituzten interpretazioen menpe egonez. Bere ustez, alderdiek gertakizunen inguruan euren jarrera ager dezaten nahiko elementu dago.
Imanol Esnaolak EAJri galdetu dio ea zein den bere jarrera alkatearen eta alkateordearen atxiloketa arbitrarioaren aurrean. Bere aburuz, berriz ere, ihes egiten ari da, inolako duintasunik gabe eta behar den adorerik gabe, Batasuna poliziaren bidez legez kanpo uzten eta herritarren eskubideak ezabatzen lagunduz. Bere ustez, ETA da planteatutako galderen aurrean erantzunik ez izatearen aitzakia.
Besterik gabe, bozketa egin da. Mozioa onartzearen alde zazpi boto jaso dira, alkatearena eta gainerako Batasunako zinegotziena eta aurkako bost, EAJko, EAko eta PSEko zinegotziena.
Imanol Esnaolak dio Batasunak EAJren eta EAren jarrera kontuan hartuko duela.
3.- Proposamena, 107 Poligonoan (Industrial Salva) jabea den Mari Carmen Echeverría Casaresekin sinatu nahi den hitzarmen urbanistikoaren onartzeko.
Alkateak erabaki proposamena aurkeztu du. Honela dio hitzez hitz:
"107. Poligonoaren esparruan (Industrial Salva S.A.) Arau Subsidiarioak aldatzeko dokumentuaren onarpenerako Garraio eta Errepide Departamentutik jartzen ziren baldintzak bete ahal izateko, poligono industrial horretarako sarbide berriak pasa behar zituen lurrak erosi beharra sortu zen, lur horiek ez baitziren aldakuntza sustatzen zuen Industrial Salva S.A. enpresaren jabetzakoak.
Horien jabea Mari Carmen Echeverria Casares da eta hari aurkeztu zitzaion akordio bat, alegia, orain onarpenerako aurkezten den hitzarmen urbanistikoan jasotzen dena, horren ildotik jarduera urbanistikoaren esparrua haren jabetzako parte handiagora hedatuko litzatekeelarik, hasieran aurreikusitakoa baino lurzoru urbanizagarriaren esparru nabarmenki handiagoa izanik.
Dokumentuan jasotzen denaren arabera, jabeak Udalari eman beharko dio partzela industrial berriaren aprobetxamendu eraikigarri urbanizatuaren %25.
Hori dela eta, Udalbatzari proposatzen diot onarpenerako ondorengo ERABAKI HAU:
BAT: Mari Carmen Echeverria Casaresekin izenpetzeko hitzarmen urbanistikoa onartzea, haren lurra urbanizagarritzat klasifikatu eta industrial gisa kalifikatzearen ondorioz.
BI: Alkatea ahaldun egitea hitzarmen hori izenpetzeko eta hori gauzatzeko behar diren beste dokumentu guztiak ere sinatzeko".
Alkateak atzo hirigintza batzordean esandakoa gogoratu du, hitzarmenaren beste parteak proposatutako aldaketa egitearen alde dagoela hitzarmenaren bigarren xedapenaren azken esaldia kentzearena, hau da, "así como la parcela de equipamiento para instalación de servicios de interés público y social".
Proposamena diktaminatu gabe dagoenez alkateak gai zerrendaren sartu izanaren urjentzia berrestea proposatu du. Aldeko zortzi botoekin (Batasuna y PNV) eta aurkako lauekin (EA y PSE) urjentzia berrestu da.
Alkateak azaldutako aldaketarekin bere erabaki proposamenaren bozketa egin denean, onartu egin da aldeko zazpi botoekin, alkateak eta Batasuneko gainontzeko zinegotzienenak, aurkako bi, PSEko zinegotziak emandakoak eta hiru abstentzio, EAJko zinegotziarena eta EAko bi zinegotziena.
4.- Proposamena, behin behineko onarpena emateko Lezoko 107 poligonoko (Industrial Salva) Arau Subsidiarioen Aldaketa dokumentuari.
Hitzez hitz honela dioen erabaki proposamena aurkeztu du alkateak:
"Lezoko Udalak 2002ko maiatzaren 10ean onartu zuen hasieran Lezoko Planeamendurako Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntuala , 107 Poligonoari zegokionez (Industrial Salva).
Informazio publikorako legezko epea iraganik, aipaturiko dokumentuari buruzko inolako alegaziorik ez da aurkeztu.
Bestalde, eta Gipuzkoako Errepide eta Bideei buruzko 17/1994 Foru Araueko 94. Artikuluari jarraiki, aldaketaren dokumentu hori Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepide Departamentuari igorri zitzaion beharrezko txostena eman zezan, hori
2002ko uztailaren 5ean bidali zelarik, bertan seinalatuz ez zegoela inolako eragozpenik 107 poligonoko Arau Subsidiarioen Aldaketa Proiektua onartzeko.
Aldeko informea eman arren, aipatutako foru dokumentuak seinalatzen du Proiektuaren tramitazioan argi geratu beharko dela ezen, industria hedatuaren (Salva) eta N-1 errepidearen artean aurreikusitako hormaren eraikuntza promozioaren kontura izango dela eta, gainera, erabilpen zehaztuen planoan horma horren eta errepidearen artean geratzen den tokia ezin izango dela industrial ez-eraikigarri gisa kalifikatu baizik eta lagapenezko bide-sistema izango dela.
Arkitekto aholkulariak bere txostenean ulertzen duen bezala, niri iruditzen zait Udalak ez lukeela arazo horri buruz erabakirik hartu beharko zeren, Diputazioaren txostenaren arabera, baldintza horiek Errepide Departamentuaren eta jabearen arteko akordioren emaitza baitira.
Gainontzean, txosten teknikoak dokumentua onartzearen aldekoak direnez, dokumentua onartzea proposatzen dut, baldintza gisa aldez aurretik hitzarmen urbanistikoa izenpetu beharko delarik 107. poligonoaren esparru berrian lurren jabe den Mari Carmen Echeverria Casaresekin, Diputazioko Garraio eta Errepide Departamentuak eskatutako sarbidea egin ahal izateko poligonoa handiagotu izanaren ondorioz.
Hori dela eta, akordio hauek hartzea proposatzen diot Udalbatzari:
BAT: Lezoko 107. Poligonoan (Industrial Salva) Arau Subsidiarioen zenbait elementu Aldatzeko dokumentua behin-behinean onartzea, horretarako baldintza gisa aldez aurretik aipatutako poligonoan lur-jabe den Mari Carmen Echeverria Casaresekin izenpetu beharreko hitzarmen urbanistikoa formalizatzekotan.
BI: Aurreklo erabakiak formalizatu ondoren, dokumentua Gipuzkoako Foru Diputazioko Hirigintza Departamentura igortzea behin-betiko onarpenerako".
Proposamena diktaminatu gabe dagoenez alkateak gai zerrendaren sartu izanaren urjentzia berrestea proposatu du. Aldeko zazpi botoekin (Batasuna), aurkako biekin (PSE) eta hiru abstentzioekin (EAJ eta EA) urjentzia berrestu da.
Alkatearen proposamenaren bozketa egin denean, onartu egin da aldeko hamar botoekin, alkateak eta Batasuneko gainontzeko zinegotzienenak, EAJko zinegotziarena eta EAko bi zinegotzienenak eta bi abstentzio PSEko zinegotzienenak. Beraz proposamenak TOALeko 47.3 artikuluak errekeritzen duen gehiengoaren aldeko botoez hartu da.
5.- Lezoko Planeamendurako Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualaren dokumentua behin-behinean onartzeko Diktamena, UAD 1, UAD 2, UAD 5, UAD 7, 4. Poligonoa, Andreseneko Tolarieta, Goiko Plaza eta Zubitxo kaleko esparruei dagokienez, aurkeztutako alegazioei erantzunez.
Alkateak Hirigintza Batzordeko diktamena onartzea proposatu dio osoko bilkurari. Honela dio diktamenak.
" Udalbatzak 2002ko martxoaren 22an eginiko bilkuran erabaki zuen hasieraz onartzeaLezoko Planeamendurako Arau Subsidiarioen Aldaketa, UAD1, UAD2, UAD5, UAD7, 4. POLIGONOA, ANDRESENEKO TOLARIETA, GOIKO PLAZA ETA ZUBITXO KALEKO esparruei dagokienez; Raimundo Mendiburu Abad eta Pilar Calvo Gil arkitektoek idatzitako dokumentua eta hari dagokien hitzarmen urbanistikoak, jendearen informaziorako ipini direlarik legezko hilabeteko epean egoki liratekeen alegazioak aurkeztu ahal izan zitezen.
Jendearen informaziorako epe horretan guztira bederatzi alegazio aurkeztu dira.
Zenbakia |
Alegatzailea |
Data |
Erregistro Z. |
1 |
Koldo Aitor Astibia Oyarzabal |
22-04-2002 |
1.327 |
2 |
Iñaki Zipitria Urkizu |
08-05-2002 |
1.550 |
3 |
Luis Mª Etxart Aiestaran |
08-05-2002 |
1.564 |
4 |
Juan Luis Garmendia Salaverria |
09-05-2002 |
1.582 |
5 |
Ignacio Lopetegi Muguruza |
09-05-2002 |
1.584 |
6 |
Luz Mª Berasarte Gutierrez |
09-05-2002 |
1.585 |
7 |
Rafael Lekuona Sagarzazu |
09-05-2002 |
1.586 |
8 |
Pilar Erquicia Saizar |
10-05-2002 |
1.628 |
9 |
José María Castro Varlea |
13-05-2002 |
1.655 |
Koldo Aitor Astibia Oyarzabalek (UAD5.1) alegatu du laga diezaiotela etorkizuneko leku publikora atzeko fatxadan leihoak irekitzea eta, halaber, etxebizitzarako sarbidea egin ahal izatea.
Txosten teknikoak adierazten du UAD 5.1 esparruari dagokion fitxa urbanistikoan jadanik aukera ageri dela atzeko aldean moldatuko den espazio publiko berritik etxebizitzara sarbidea egiteko. Leiho berriak irekitzeari dagokionez txosten teknikoak egokitzat ematen du proposamena, betiere bigarren oinean kokatzekotan eta mugako etxetik gutxienez metro betera, fatxadaren luzeraren 1/3 ez gainditzekotan, gehienez 80 zentimetroko sakonerako hegalkina ere egin daitekeelarik.
Txosten teknikoak zehazten du ezen, UAD 5.1-aren fitxa urbanistikoan badela kontraesan bat zeren, helburuetako bat teilatupearen bizigarritasuna hura altxatuz hobetzea izanik, eraikuntza-profilari dagokion atalean behe-oina gehi bi oin gehi teilatupea lagatzen baita. Beraz, eta asmoa zen helburuari jarraiki, proposatzen da behin-betiko eraikin-profila behe oina gehi goiko oina gehi teilatupea izango dela, haren altura aurreikusitako kotaraino igotzeko aukerarekin ametitzen den gehieneko aprobetxamendua 46,90m² (t) x 3 = 140,70 m²(t) izango delarik.
Iñaki Zipitria Urkizuk proposatzen du, UAD 7an eraiki bide den etxe berria eraikin nagusiarekin lerrokatu beharko litzatekeela, antzinako biltegiaren altura ez lukeela gainditu behar eta, altura hori gaindituko lukeen kasuan, albokoaren altura bera izan beharko lukeela eta Donibane kaleko 12.eko eraikinetik 10 metrotara eraiki beharko litzatekeela.
Txosten teknikoak proposatzen du aurkeztutako alegazio horiek atzera botatzea, zeren eta lerrokadurak aldatzeak espaloia estutzea ekarriko bailuke, orain indarrean dagoen planeamenduak proposamenean errespetatzen diren eraikin bat eta aprobetxamenduak bermatzen baititu, eraikin berriaren fatxadan libre geratzen den terrenoa erabilpen publikokoa eta jabetza pribatukoa izan dadin onartzeko proposatuz.
Luis Mª Etxart Aiestaranek (UAD 14) hitzarmeneko bost erabaki (1, 3, 4, 5 eta 6) aldatzea proposatzen du. Teodoro Cacho Etxeberria abokatuak egindako txosten juridikoaren arabera, hori atzera botatzea proposatzen da, uste baita ez dagoela nahikoa arrazoirik urbanizazio obren berme-abala ez jartzeko, ezta aprobetxamendu berrien konpentsazioko ordainketak, urbanizazio-kanonak eta planeamendu-dokumentuen idazketarengatiko gastuak eta sariordainak atzeratzeko ere.
Juan Luis Garmendia Salaberriak (UAD 5.2) alegatzen du laga diezaiotela eraikitzen, alboko etxeak bezala, behe oina gehi hiru altura eta jasota gera dadila ezen, Udalak hartu zituen 27,60 m2-ak hori izenpetzen duenaren jabetzakoak zirela.
Txosten teknikoak proposatzen du, oin bat gehiago emateari dagokion alegazioa atzera botatzea eraikuntza-profila dagokion fitxa urbanistikoan definitu bezala mantenduz, alegia, behe oina, goiko oina eta teilatupea bizitzeko egokitua. Aldiz, bigarren alegazioa onartzea proposatzen du eta, beraz, fitxa urbanistikoan jaso egin beharko da eskrituretan azaltzen den UAD 5.4-aren azalera bera, etxeak hartzen duen 106,79 m2 eta inguruan duen lurraren 27,60 m2.
Ignacio Lopetegi Muguruzak (UAD 9 eta UAD 10) alegatzen du, UAD 9-ari dagokionez, Zubitxo kalera ematen duen fatxadan behe oinean laga dadila pasabideak irekitzen eta erlaitzera arteko 9,50 metrotako altura gehiengoa laga dadila. UAD 10-ari dagokionez alegatzen du fitxa urbanistikoan jaso dadila UAD 9-arekin batera eraikitzeko aukera eta UAD 9-an eta UAD 10-ean gaur egun dauden eraikinen behe oineko okupazioak alda daitezela, plano topografikotik ateratakoez ordezkatuz.
Txosten teknikoak proposatzen du, erlaitzera arteko 9,50 metrotako gehieneko alturari dagokion alegazioa onartzea eta beste hirurak atzera botatzea, seinalatuz ezen okupazio-azalerak eskrituretan definituko direla eta pasabideak irekitzea eta batera eraikitzeko aukera gero aurkeztu beharreko Zehazpen Estudioan proposatu beharko direla.
Luz Mª Berasarte Gutierrezek (ZJU 1.4) alegatu du, erlaitzera arteko gehieneko altura marka dadila oinen koten gehi ataripearen funtzioan, horiek albokoarekin bat etorriko direlarik, eraikin berriaren gehieneko okupazioa 104,88 m2 izan dadila, 101,00 m2 ordez, eta behe oinean etxebizitza-erabilera bakarri laga dadila eta bost etxebizitza onar daitezela.
Txosten teknikoak proposatzen du lehenengo eta bigarren alegazioak onartzea eta hirugarrena atzera botatzea zeren jabetzak erabaki beharko baitu bere garaian (Zehazpen Estudioa idazterakoan) behe oinean etxebizitza eraiki ala ez, erabilpen komertzialaren aukera, halaber, libre utziz.
Rafael Lekuona Sagarzazuk proposatu du ZJU 9-an eraiki bide den etxe berriak erlaitzaren gehieneko altura 6,52 metrotan finka dezala, bi partzelen arteko mehelinaren hasiera-puntuan harturik, horrela Kai-Gain etxearen azken oinean dagoen argi eta aire harrera estaltzea eragotziz.
Txosten teknikoak alegazioa onartzea proposatzen du, alegia, eraikin berriaren teilatuko erlaitzaren hasiera Kai-Gain etxearekin batera-gunean lehen zegoen hasierarekin bat etor dadila.
Pilar Erquicia Saizarrek (Z.J.U. 8) alegatzen du EC 21008 partzelari dagokion lur-azalera alda dadila, 105,55 m2 jarriz; azalera horren aprobetxamendua Z.J.U. 8-aren barruan sar dadila, sotoan garajetarako gisa eta horretarako bakarrik, etxebizitzen gehieneko zenbateko 9 unitatetara igo dadila; aprobetxamendu eraikigarria 754,65 m2-tara alda dadila; ezkaratz, trasteleku eta/edo instalazio-gela erabilpenak erdisotoan onar daitezela; hirugarren ataleko ezkaratz erabilpena ametitua izan dadila eta ez behartua; teilatupearen erabilpena etxebizitza independiente gisa edota bere azpiko oinekoari lotua izan dadila; proposatutako lerrokadurak aholkatuak izan daitezela, behin-betikoak erabakitzea Zehazpen Estudiorako utziz; teilategalaren gehieneko alturari buruz testu idatziaren eta grafikoaren arteko kontraesana konpon dadila; Polentzarrene kalera aldeko fatxadan begiratokiak irekitzea onar dadila, lehen zeuden bezala.
Txosten teknikoak proposatzen du 9 etxebizitzatara gehitzea onar dadila, bi eta hiru atalak erabilpenei buruzkoak proposatzen diren bezala, aprobetxamendu eraikigarriaren gehikuntza eta Polentzarrene kale aldeko begiratokiak atzera botaz eta jasota uztaraziz nahitaez betebeharrekoa dela ezen, nahi eta Kai-Gain etxearekin muga egiten duen teilategal berria lehen zegoen tokian kokaturik dagoen arren (mehelinean ageri den bezala), horrek halere Z.J.U. 8-an ametitutako gehieneko aprobetxamenduan murrizketarik eragin gabe, hori
Zehazpen Estudio baten bidez konponduz, era berean Kai-Gain etxeko fatxadaren lerrokaduratik kanpora ateratzen den eraikuntza berriaren fatxada, Polentzarrene kalean, azken horretatik 1,5 metrotara jarri beharko da.
Jose Mª Castro Varelak (Z.J.U. 11) proposatzen du balkoian dagoen itxitura finkatzea ameti dadila eta okupazio-azalera gehi dadila 68 m2-tatik 69,31 m2-tara.
Txosten teknikoak aurkeztutako bi alegazio horiek atzera botatzea proposatzen du, lehena justifikazio teknikorik ez duelako eta okupazioaren azalera zehazki eskriturek definitu behar dutelako.
Hori guztia dela eta, alkatearen aldeko botoaz eta EAJ, EA eta PSE-ko zinegotzien abstentzioekin, Udalbatzari proposatzen zaio erabaki hau har dezala:
BAT: Lezoko Planeamendurako Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualaren dokumentua hasieran onartu ondoren aurkeztutako alegazioei erantzutea, ZJU1, ZJU 2, ZJU 5, ZJU 7, 4. Poligonoa, Andreseneko Tolarieta, Goiko Plaza eta Zubitxo kaleko esparruei dagokienez, egindako txosten teknikoaren arabera eta, txosten teknikoari jarraiki, akordio honen azalpen partean aipatutako arrazoiengatik.
BI: Akordio honen berri alegatzaileei eta gainerako interesatuei jakinaraztea.
HIRU: Lezoko Planeamendurako Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualaren dokumentua, ZJU1, ZJU 2, ZJU 5, ZJU 7, 4. Poligonoa, Andreseneko Tolarieta, Goiko Plaza eta Zubitxo kaleko esparruei dagokienez, behin-behinean onartzea, hasierako onarpeneko dokumentuarekin batera onartutako hitzarmen urbanistikoak aldez aurretik sinatzearen baldintzapean.
LAU: Aurreko erabaki horiek formalizatu ondoren, dokumentua Gipuzkoako Foru Aldundiko Hirigintza Departamentura igortzea, behin-betiko onarpenerako."
Orubeen azaleretan aldeak egon daitezke neurketa errealaren eta eskrituretan daudenak alderatuz gero, horren aurrean alkatea neurketa erreala onartzearen aldeko azaldu da.
Pello Garbizu dio abstenitu egingo dela ez baitu garbi ikusten nola finantzatuko diren Goiko Plazan egin nahi diren garajeak. Galdetu du ea jabeekin sinatu beharreko hitzarmenak sinatu diren.
Alkateak dio erosleak izango direla lur publikoan eta kontzesio bidez esleituko diren garajeak finantzatuko dituztenak. Baita ere dio hitzarmen guztiak sinatuta daudela.
Diktamenaren bozketa egin denean, onartu egin da aldeko zazpi botoekin, alkateak eta Batasuneko gainontzeko zinegotzienenak, eta bost abstentzioekin, EAJko zinegotziarena, EAko bi zinegotzienenak eta PSEko zinegotzienenak. Beraz proposamenak TOALeko 47.3 artikuluak errekeritzen duen gehiengoaren aldeko botoez hartu da.
6.- Proposamena, 2001 ekitaldiko Kontu Orokorraren behin betiko onarpena.
Alkateak eman du aditzera Kontuetarako Batzorde Bereziaren diktamenaren berri, 2001eko Kontu Orokorra onartzea proposatuz. Gogorarazi du, espediente hori jendearen ezagutzarako ipinirik egon dela araututako epean, eta inolako erreklamaziorik ez dela aurkeztu.
2001eko Kontu Orokorra onartu egin da aldeko hamar botoekin, alkateak eta Batasuneko gainontzeko zinegotzienak, EAJko zinegotziarena eta EAko zinegotzienak eta bi abstentzioekin, PSEko zinegotzienenak.
7.- Proposamena, Lezoko kirol taldeen egiturak eta ohiko jarduera garatzeko dirulaguntzak arautzen duten oinarri-arau espezifikoen hasierako onarpena.
Kultura Batzordeak 2002ko maiatzaren 30erako ohiko bilkura deitu zuen besteak beste "Lezoko Unibertsitateko Udaleko aurrekontuen kontura Lezoko kirolari dirulaguntzak ematea arautzen duen araudia" aurkeztu eta diktaminatzeko asmoz.
Ohiko bilera horretan hainbat herri elkartetako ordezkariak, Xanti Val euskara dinamizatzailea idazkari lanetan, Arkaitz Angiozar kirol instalazioetako arduraduna eta Imanol Esnaola (Batasuna) izan ziren. Ez ziren bileran izan Pello Garbizu (EAJ), Gurutze Sein (EA) eta Mikel Antxon Arrizabalaga (PSE).
Beraz, bilera burutu arren, gaia ezin izan zen diktaminatu bertaratutakoek ez zutelako Toki Erakundeetako Antolaketa Jarduera eta Araubide Juridikoaren Erregelamenduak ezarritako kuoruma osatzen.
Horiek horrela, eta Kultura Batzordearen egindako aurkezpenean eta ondorengo eztabaidan Lezoko kirolari dirulaguntzak ematea arautzen duen araudiak kontrako iritzirik jaso ez zuenez, honako ERABAKI hau hartzea proposatzen zaio Osoko Bilkurari:
BAT: "Lezoko Unibertsitateko Udaleko aurrekontuen kontura Lezoko kirolari dirulaguntzak ematea arautzen duen araudia" onartzea.
Imanol Esnaolak araudia aurkezten du. Kultura Batzordean ondutakoa dela gogorarazi du.
Pello Garbizuk dio proposamena atzo jaso zuela eta, gaia aztertzeko denborarik izan ez duenez, ez duela bozkatuko. Gaineratu du ez duela inolako arazorik, hasierako onarpena baita eta jendaurrean egiten denean aldaketak proposatu ahal izango ditu. Gogorarazi du ezin izan zuela batzordera agertu, bileraren biharamunean jaso baitzuen deialdia.
Proposamenaren irizpena eman ez denez, bilkura honen gai zerrendan premiazkotzat hartzea berretsi da. Aldeko zazpi botoekin (Batasuna), aurkako bi botoekin (PSE) eta hiru abstentzioekin (EAJ eta EA ) premiazkotzat hartzea berretsi da.
Hasierako onarpenaren proposamenaren inguruan bozketa egitea proposatu da eta onartu egin da alkatearen eta gainerako Batasunako zinegotzien aldeko zazpi botoekin eta EAJko zinegotziaren, EAko zinegotzien eta PSEko zinegotzien bost abstentzioekin. Hartara, proposamenak udalbatza osatzen duten kideen gehiengo absolutuaren aldeko botoa jaso du, Toki Araubide Oinarrien Legearen 47.3 artikuluak eskatzen duenaren arabera.
8.- Galde eskeak.
1.- Alkateak barkamena eskatu du ez abisatzeagatik hil honetan egin behar zen ohiko osoko bilkuraren deialdia ez zela egingo. Beste sei euskal udal ordezkarirekin batera Venezuelan egon da Venezuelako erakundeekin bitartekari lanak egiten, bertan dauden euskal errefuxiatuen egoera dela-eta, Espainiako Gobernuak kanporatzeko eskaera egin baitu.
2.- Iñake Urrestarazuk galdetu du zergatik ez diren aurkeztu onartzeke dauden osoko bilkurako aktak osoko bilkura honetan, zeina ohiz kanpokoa izan arren, ohikoaren edukia eman zaion.
Alkateak erantzun dio aktak ez zeudela prest.
3.- EAJko eta EAko zinegotziek, idatziz, gogorarazi dute maiatzaren 10ean egindako bilkuraz geroztik galderak egiteko daudela. Galdera hauek bilkura honen espedientean jaso dira.
3.1.- 44. galderak Lezoko Plan Gerontologikoan aurreikusitako epeak eta helburuak betetzeari buruzko galderak jasotzen ditu.
Inma Muñozek esan dio ekainaren 11ean egin zen ongizateko azken batzordean gaia aztertu zela. Sailean informazioa eska dezakeela gaineratzen du.
Alkateak irizten dio zinegotziek batzordeetara joan behar dutela, lanak eta informazioak bikoiztea saihestuz.
Pello Garbizu ez dago ados emandako azalpenekin eta argibideekin. Ulertzen du eskubidea dutela eta egindako galderei erantzutea arduradunen betebeharra dela. Bere ustez Udalbatzak erabakiak betetzen diren ala ez jakin behar du inork ez hauei buruz galdetu beharrik ez duela.
Imanol Esnaolak dio zinegotzi batzuek ez dutela beste batzuen lana zertan egin: informazio hori dagoeneko batzarrean emanda dago eta ez dago zertan berriz eman.
Inma Muñozek dio planaren ekintza guztiak epe berriekin mantentzen direla.
3.2.- 45. galderan "Gizalde" programari dagozkion laguntzak eskatu diren itaundu da.
Inma Muñozek erantzun du aurten ez dela eskaerarik egin: iazkoa erantzun gabe zegoen, jarduera pribatuek lehentasuna dute eta, dokumentazio guztia prestatzeak dakarren ahalegina kontuan hartuz, eskaera ez egitea erabaki zen. Jarraian, iaz egindakoaren ukapena jaso da.
3.3.- 47. galderan Gipuzkoako Aldundiari kultura-jarduerei eta ikuskizun eszenikoei (8/2002 Foru Dekretua) zuzendutako diru-laguntza eskaerak aurkeztu zaizkion jakin nahi da.
Imanol Esnaolak esan dio erantzuna idatzita dagoela eta laster izango duela. Bere ustez laguntza hauek eskualdeko jarduerei zuzenduta daudenez, eta antzeko eskaerak ukatu zaizkienez, eskaerarik ez aurkeztea erabaki dute.
3.4.- 48. galderan alkateari gogorarazi dio Zerbitzuetako zinegotzia eta Ongizateko zinegotzia agertzeko maiatzaren 7an egindako eskaera, mantentze planari eta gazteen drogen kontsumoari buruzko argibideak hurrenez hurren bilkurari eman diezaioten.
Alkateak erantzun dio zinegotzi horiek batzar honetan daudela eta nahi dituen galderak egiteko aukera duela.
Mikel Mitxelenak esan dio mantentze plana aspaldi bidali zitzaiela zinegotziei eta agian galdu egin dutela edo ez dutela irakurri.
Pello Garbizuk gogorarazi du zinegotziak osoko bilkurara joan daitezen eskatzeko eskubidea dutela eta eskubide hau erabiltzeko izapide guztiak bete dituztela.
3.5.- 49. galderan etxebizitzak alokatzeko zerbitzuari buruzko galderak jasotzen dira.
Alkateak gogorarazi du atzo erantzun zituela galdera hauek.
3.6.- 50. galderan itauntzen dute ea zergatik ez zen egin uztailaren 12rako aurreikusita zegoen ohiko osoko bilkuraren deialdia.
Alkateak esan du batzar honen 8. puntuaren hasieran erantzun duela galdera hau.
3.7.- 51. galderan osoko bilkuraren onarpena jaso aurretik prentsara igorritako iragarpen bati buruzko argibidea eskatzen da.
Alkateak esan du iragarpena osoko bilkuran onartu ondoren argitaratu zela eta behar izanez gero, argitarapena gelditu zitekeela. Hortaz, gaineratu du argitaratutakoaren edukia guztiz zuzena dela.
3.8.- 52. galderan jakin nahi da Udal Albistarian argitaratutako baieztapenaren egoerari buruz. Baieztapen honek ekainerako Etxez Etxeko Laguntza-zerbitzuaren katalogoa bukatuta egongo zela zioen.
Inma Muñozek esan du lehen aipatutako ongizateko batzorde berean katalogoaren egoeraren berri eman zela. Aurreikusitako data berria azaroa da.
Aktaren amaiera.
Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:07 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 310.385.etik 310.398.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.