2001.eko Azaroaren 5ekoa

    Agiri mota
    Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2001eko azaroaren 5ean, 19:05 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKO ETA PREMIAZKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria (Batasuna) alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza (Batasuna), Imanol Esnaola Arbiza (Batasuna), Juli Del Sol Bermejo (Batasuna), Iñaki Labaka Loperena (Batasuna) eta Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA). Azken hau bilkurako bigarren gaiaren aurkezpena egiten ari zirela etorri da bilkurara.

    Ezin etorria aurrez jakinarazi dute Inmaculada Muñoz Martinezek (Batasuna) eta Iñaki Zabaleta Zabalak (Batasuna) eta etorri ezin izanaren berri ez dute aurrez eman Pello Garbizu Azkuek (EAJ), Jesús Mª Martiarena Jakak (EAJ), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusinek (PSE), Ainhoa Villanúa Ayuelak (PSE) eta Gurutze Sein Corderok (EA).

    Bertan da eta egintzaren fede eman du Xabier Loiola Aristi, udal idazkariak.

    1.- BILKURAREN PREMIAZKOTASUNA BERRESTEA.

    Alkateak dio deialdiaren premia azken atxiloketen aurrean elkartasun adierazpena egin beharrean datzala. Alkateak berak eta bilkuran diren beste lau zinegotziek deialdia berretsi dute eta bilkuraren premia onartu.

    2.- BATASUNAK AURKEZTUTAKO MOZIOA, URRIAREN 31AN IZANDAKO ATXILOKETEN INGURUAN.

    Alkateak mozioa aurkeztu du. Mozioak honela dio:

    “Bart gauean berriz ere, espainiar indar judizial eta armatuak zorigaiztoko protagonista bilakatu zaizkigu Euskal Herrian zehar. Euskal Herriak espainiar estatuaren aldetik eraso bat gehiago jasan du, hamahiru Euskal hiritarren atxiloketarekin. Madriletik diseinatu eta gauzaturiko beste operazio politiko-polizial bat gehiago, Euskal Herriaren nazio eraikuntzan eta batik bat giza eskubideen defentsan buru-belarri lanean ari den kidegoari zuzendua.

    Euskal Herriaren aurkako operazio mediatiko-polizial ugarien arduraduna izan den Baltasar Garzon epailea eta Polizia Nazionalaren bidez gauzatu du oraingoan ere espainiar gobernuak errepresio pausu berri hau.

    Berriro ere edozein motatako aitzakiak erabiliz, Euskal Herriaren eta herritarren eskubideen aldeko borrokan dihardutenak errepresio bidez geldiaraziko dituztela hausnartu dute espainiar estatuaren arduradunek eta beraien kolaboratzaileek.

    Bide horretan, Euskal Herriaren aldeko hautua egin dugunok, beste ekimen zenbaitekin batera, honako mozioa hau aurkeztea erabaki dugu, Udaletan onartua izan dadin.

    1.- Iker Zubia, Maite Diaz de Heredia, Julen Zelarain, Gorka Zulaika, Ainhoa Irastorza, Aratz Estonba, Gaizka Larrinaga, Julen Larrinaga, Jagoba Terrones, Juan Antonio Madariaga, Alex Belasko, Jon Beaskoa eta Josu Beaumont euskal hiritarrak baldintzarik gabe aske uzteko exijitzen dugu. Era berean, beren senitarteko eta lagunei gure elkartasuna adierazten diegu.

    2.- Erabat kezkatuta agertzen gara, Polizia Nazionalaren eskuetan inkomunikaturik, hamahiru Euskal hiritar hauek jasan dezaketen tratu eta indefentsio egoeragatik. Lege Antiterroristaren aplikazioak giza eskubideen urraketa (inkomunikazioa, tortura, mehatxuak ....) baitakar berekin beti. Udalari, atxilotuen egoeraren jarraipen zehatza egiteko konpromisoa hartzeko eskatzen diogu, horretarako beharrezkoak diren baliabideak jarriz.

    3.- Operazio polizial honen atzean, interes eta erabaki politikoak daude argi eta garbi. Polizia Nazionalaren arduradun politikoek, gisa honetako operazioen bidez, Euskal Herriko biztanle guztiengan oro har izua sortu nahi izateaz gain, berriz ere argi azaltzen digute, frantziar eta espainiar estatuek, Euskal Herriarekin bizi duen gatazkari irtenbide demokratikoa emateko borondaterik ez dutela eta bide polizial soilaren aldeko apustu garbia egiten dutela.

    4.- Euskal Herriaren eskubideen defentsan eta herri honek jasaten dituen giza eskubideen urraketen salaketan Amnistiaren Aldeko Batzordea burutzen ari den lana eta konpromisoarekin bat egiten dugu.

    5.- Irtenbide bakarra, Euskal Herriari zor zaizkion hitza eta erabakiaren aldeko lanean guztiok tinko pausuak ematean datzala aldarrikatzen dugu, herri honi zor zaizkion eskubideak ukatzen ari direnei aurre eginaz.

    6.- Atxiloketa hauen aurrean protesta egiteko konbokatzen diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten die herritar guztiei, bide errepresiboa gainditu eta behingoz Euskal Herriari dagozkion eskubideen errespetuaz, herri hau benetako demokrazia bidean jarriko duen marko berria eraikitzeko konpromisoa hartuaz”.

    Imanol Esnaolak dio oposizioko alderdiek sistematikoki ematen diotela bizkar gaiari preso eta herritarren eskubideak defendatzeko orduan. Haien isiltasunarekin ez goazela inora dio. Jarrera aldatu dezatela eskatu die.

    Une horretan EAko zinegotzia den Iñake Urrestarazu sartu da bilkura gelan eta bere jarlekuan eseri ondoren, EA taldeak mozio alternatiboa aurkeztu nahi duela esan du. Alkatearen baimenarekin mozioa irakurri du. Mozioak honela dio:

    Lezoko Eusko Alkartasunako zinegotzi taldeak aurkezten duen ordezko mozioa.

    1.- Berriro diogu zalantzarik gabe egiten dugula apustu ekintza politikorako bide baketsu eta demokratiko hutsak erabiltzearen alde, eta aditzera ematen dugu lehentasunezko konpromisoa dugula pertsona guztien giza eskubideen eta askatasunen defentsarekin, giza elkarbizitzaren oinarrizko eta funtsezko printzipio denez gero.

    2.- ETAri exijitzen diogu behin betiko alde batera utzi dezala indarkeria, eta euskal herritarren esku utzi ditzala geure etorkizunari buruzko erabakiak.

    3.- Aditzera ematen dugu geure elkartasun aktiborako konpromisoa, eta beharrezko iruditzen zaigula, erakunde publikoetatik, indarkeriaren, intolerantziaren eta edozein terrorismo-motaren biktima guztien aintzat hartze etiko, sozial eta materiala lortzen lagunduko duten ekimen guztiak sakondu eta garatzea.

    4.- Eusko Legebiltzarrak lehendik euskal presoak beren famili eta giza ingurunetik gertueneko espetxeetara hurbiltzeari buruz hartutako erabakien arabera, eta Diputatuen Kongresuan aho batez onetsi zen proposamenarekin bat, Espainiako Gobernuari eskatzen diogu ekin diezaiola, indar politiko guztiekiko ahalik eta elkarrizketa zabalenaren bitartez, espetxe-politikaren norabide adostu, dinamiko eta malgu berri bati.

    5.- Indarkeriaz haratago, hori erauzteari lehentasuna eman behar baitzaio zuzenbide-estatu batek eskueran dituen baliabideen bitartez, aitortzen dugu badela izaera politiko hutseko arazo bat, Euskal Herriari eragiten diona eta bide baketsu eta demokratikoetatik aurre egin behar zaiona.

    6.- Elkarrizketaren alde gaude, elkarbizitza-arazoak konpontzeko oinarrizko tresna denez, elkar onartu eta errespetatzetik eta euskal gizartearen borondatea ontzat ematetik abiatuta. Izan ere, prozesu demokratiko batean, euskal herriaren gehiengoaren borondateak , legez adierazirik, bere aplikazioa izan behar du unean-unean indarren dagoen ordenamendu juridikoan.

    7.- Adierazten dugu onartu eta errespetatu egiten ditugula euskal herritarren nahiak orain arte eraiki dituen erakunde eta esparru juridikoak, bai eta horiek aldatu eta eguneratzeko aukeren zilegitasun demokratikoa ere.

    8.- Autogobernua sakonduz, orain arte lortu ez diren oinarrizko adostasun berriak bilatzearen alde gaude, eta konpromisoa hartzen dugu euskal gizartearen aniztasunari arrazoizko erantzun asebetegarria emango dioten topagune berriak garatzeko tresna parlamentario eta politikoak bideratzeko.

    Mikel Mitxelenaren iritziz EAren mozioa paper hutsa da. Plenora etortzea eta mozioa aurkeztea zerbait bada ere ez omen da nahikoa, lana egiteko aukerak badaudela dio eta ez dutela ezer egiten leporatzen dio EAri.

    Alkateak dio bi mozioen arteko berezitasuna nabaria dela: Batasunarena urriaren 31ko atxiloketei buruz ari da eta EAkoan ez omen du operazio horren gaitzespenik. Orokorrean hitz egiteaz gain adierazpen argi eta garbiak behar dira, atxiloketa hauek aipatuz.

    Iñake Urrestarazuren ustez bere mozioak aipatzen ditu.

    Alkateak bozketa proposatu du. EAren mozioak aldeko boto bat jaso du, Iñake Urrestarazurena eta bost kontrakoak, alkatea eta bilkuran diren Batasuneko lau zinegotzienak. Ondorioz EA taldeak aurkeztutako mozioa ez da onartu.

    Batasuna taldeak aurkeztutako mozioak, berriz, aldeko bost boto jaso ditu, alkatearena eta Batasuneko beste lau zinegotzienak, eta aurkako bat, EAko zinegotzia den Iñake Urrestarazurena. Ondorioz, Batasunak aurkeztutako mozioa onartu egin da.

    Aktaren amaiera.

    Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 19:20 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 310.257.etik 310.260.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

    Eguna