1995.eko Abenduaren 27ekoa

    Agiri mota

    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamabosteko abenduaren hogeitazazpigarrena. Arratseko zazpietan hasi du OSOKO BILKURAK, lehenengo deialdiari jarraiki, OHIZ KANPORAKO SAIOA, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, Mikel Arrizabalaga Pikabea, alkatea, lehendakari dela eta beste zinegotzi hauek bertan direla: Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Mª Isabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Mª Carmen Viaña Balda, Jesus Mª Martiarena Jaka, Pello Garbizu Azkue, Mirari Recalde González, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris.

    Gemma Arrillaga Albisu ez da bilkuran izan, eta eman ere gaur eman dute hark zinegotzi izateari utzi izanaren berri.

    Xabier Loiola Aristik egin du idazkaritza eta Pello Goikoetxea Agirrek interpretaritza.

    1.- GEMMA ARRILLAGA ALBISU ZINEGOTZIAREN KARGU UZTEAREN BERRI EMATEA.

    Gemma Arrillaga Albisu zinegotziak bere kargua uzteko borondatea azaldu du abenduaren 14an errejistratutako idatzian.

    Indarrean dagoen legeriaren arabera (Hautes Lege Organiko Orokorreko 182, 184.f eta 203 artikuluak; 2568/1986ko Araudiaren (ROF)-9.4 artikulua) korporazioa jakinaren gainean ipini eta ordezkoa izendatzeko tramiteari ekin behar zaio.

    Udal-Hauteskundeetan izan ziren hautagai zerrendaren arabera, Jose Luis Ruiz Navarroren kredentziala eskatu behar zaio Hautes Junta Zentralari.

    Hala, Osoko Bilkura jakinaren gainean gelditu da eta ordezko zinegotzia izendatzeko tramiteak egiten hastea erabaki du.

    2.- ORDENANTZA FISKALAK (ONDASUN HIGIEZINEN GAINEKO ZERGA, IHARDUERA EKONOMIKOEI BURUZKO ZERGA ETA ERAIKUNTZA ETA OBREN GAINEKO ZERGA) ALDATZEKO EGINDAKO ALEGAZIOA ERABAKI ETA BEHIN BETIKO ONARTZEKO PROPOSAMENA.

    Alkateak, proposamena onartzeko eskatu dio Osoko Bilkurari. Proposamena alkateak berak egin zuen Ogasun Batzordeko lehendakariaren izenean, eta aurkeztu dioten alegazioa aintzakotzat ez hartzea eta ordenantza fiskalak (Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, Iharduera Ekonomikoei buruzko Zerga eta Eraikuntza eta Obren gaineko Zerga) aldatzea behin-betiko onartzea eskatzen du.

    Alkateak esan du proposamenak berak ere jartzen duela zergatik, baina, Ogasun Batzordean quorumik izan ez zelako ez zutela diktamenik egin. Beste gainetiko azalpenak jakin nahi dituenak, berriz -alegazioa zergatik ez duten aintzakotzat hartzen eta zergatik hartu behar duten hartu behar duten erabakia etabar-, deialdiarekin batera bidalitako proposamena begiratzeko esan du.

    J.M. Botok, berriz, informe juridikoa irakurtzeko eskatu du, eginda badago behintzat, eta kexu azaldu da deialdiarekin batera zergatik ez zuten bidali esanez.

    Alkateak, esan du, alabaina, ez dutela inongo informe juridikorik irakurriko han, funtsezko gauza batzordeetara joatea, parte hartzea eta osoko bilkurako giak han diktaminatzea dela-eta. Ez dela zilegi, esan du, batzordeetara joan gabe gelditu eta han ematen den informazioa handik kanpora eskuratu nahi izatea.

    J.M. Botok berriz eskatu du informe juridikoa irakurtzea. Eta hura etorri zela Udaletxera esan du batzordea egiteko zen egunean, baina, bilera non zen ez zekienez eta alkateak eta idazkariak bilera zutela esan ziotenez, bada, joan egin zela.

    Alkateak esan dio hori ez dela horrela, zeren Udaleko kontuhartzailea, batzordeko lehendakaria eta alkatea bera ere batzordekoen zain egon zirela bilera egiteko. Eta berriz adierazi du informe juridikorik ez irakurtzeko borondatea.

    Hala, ea alkateak izenpetutako proposamena, besteren aginduz izenpetutakoa, ontzat hartzen duen galdetu dio J.M. Botok J.M. Martiarenari. Eta J.M. Martiarenak baiezkoa erantzun dio. Orduan, erantzuna aktan jasotzeko eskatu du J.M. Botok. Bestetik, J.M. Botok uste duenez, alkateak ez du nahi informe juridikoak zer jartzen duen jakiterik osoko bilkurak.

    Alkateak dio, alabaina, axola duen gauza batzordeetara joatea eta gauzak haietan aztertzea dela. Eta berriz esan du informe juridikorik ez dela irakurriko.

    Hala, proposamenak diktamenik ez duenez, proposamenari buruzko eztabaidarik eta botaziorik egin behar duten erabakitzeko botazioa egitea proposatu du alkateak. Emaitza: zazpi alde, alkatea (Mikel Arrizalaga), Herri Batasuneko beste bost zinegotzi (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Mª Isabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia eta Mª Carmen Viaña Balda) eta EAJko zinegotzi bat (Jesus Mª Martiarena Jaka); eta bost kontra (esan, alabaina, ez dutela botazioan parterik hartu nahi esan dute): EAko bi zinegotziak (Iñake Urrestarazu Azurmendi eta Mirari Recalde González), PSE-EEko zinegotziak (Jose M. Boto Sancho eta Nicolas Barradas Piris) eta EAJko bat (Pello Garbizu Azkue).

    Segidan, bada, proposamenaren beraren gaineko botazioa egin eta onartu egin dute. Emaitza: zazpi alde, alkatea (Mikel Arrizalaga), Herri Batasuneko beste bost zinegotzi (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Mª Isabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia eta Mª Carmen Viaña Balda) eta EAJko zinegotzi bat (Jesus Mª Martiarena Jaka); eta bost kontra (esan, alabaina, ez dutela botazioan parterik hartu nahi esan dute): EAko bi zinegotziak (Iñake Urrestarazu Azurmendi eta Mirari Recalde González), PSE-EEko zinegotziak (Jose M. Boto Sancho eta Nicolas Barradas Piris) eta EAJko bat (Pello Garbizu Azkue). ERABAKIA:

    BAT: 1995eko urriaren 10ean hasieraz onartutako ordenantza fiskalaren aldaketari Pedro Garbizu Azkuek egindako alegazioa aintzakotzat ez hartzea eta behin betiko onarpena ematea espedienteari.

    BI: Behin betikoz onartutako aldaketak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

    HIRU: Erabaki honen berri ematea Ogasun Batzordean, hurrengo bilkuran.

    3.- URRIAREN 25EAN EGINDAKO OSOKO BILKURAN HASIERAZ ONARTUTAKO 1996. URTERAKO UDAL ORDENANTZA FISKALAK ALDATZEKO ESPEDIENTEARI EGINDAKO ALEGAZIOAK ERABAKI ETA BEHIN BETIKO ONARTZEKO PROPOSAMENA.

    Lehen eman dituen azalpenak edo beretsuak eman ditu orain ere alkateak. Era berean, deialdiarekin batera bidalitako proposamena begiratzeko esan du alegazioak eta proposatutako erabakia zergatik ez dituzten aintzakotzat hartzen jakin nahi duenak.

    J.M. Botok ere, lehen egin duen gisan, informe juridikoa irakurtzeko eskatu du berriz, eta alkateari galdetu dio ea zergatik ez zien bidali informea zinegotziei, idatziz eta guzti eskatu zutela-eta batzuek. Hala berean, ea informea eskatu izan hori nonbait ageri den galdetu du. Idazkariak baiezkoa erantzun dio, atzo bertan (asteartea) errejistratu zituztela idatzi batzuk informeak eskatzen zituztenak, bai gai honen gainekoak eta bai aurreko puntuan aztertutako gaiaren gainekoak.

    J.M. Botoren iritzian, alkateak informazioa ukatu nahi die zinegotziei horrela, informea irakurtzen utzi gabe edo bidali gabe.

    Alkateak erantzun dio hilaren 21ean bidali zuela deialdia, eta eutsi egin dio aurreko puntuan esan duenari, alegia, informe juridikorik ez irakurtzeari. Bidaltzeaz, berriz, jai dagoela esan du, baldin eta behintzat batzordeetan lan egiteko konpromezurik ez badago. Lehenago eskatu izan balute agian baietz, agian bidaliko ziela informea esan du.

    I. Urrestarazuk esan du, berriz, orain ari dela garbi geratzen, gaurko osoko bilkuran eta aurrekoan, alkateak zer jokabide daukan. Bestetik, esan du badakiela alkateak eta zinegotziek zer erantzunkizun duten, baina, idazkariak ere esatekorik ezer ere badaukan jakin nahi duela, izan ere, esan du, gehiengo osoa behar duten gauzak onartzeko derrigor behar izaten da informea. Alkatearena ala idazkariarena norena den informe juridikoa zinegotziei ukatzearen erantzunkizuna galdetu du, eta esan du haren ustez behintzat bidali egin behar litzaiekela informea zinegotziei.

    Alkateak erantzun du informeak hor daudela, espedientean, eta inori ez diola ukatzen hark informeak eskuratzea, baina, ez zaiola zilegi iruditzen informearen kontua hainbeste aipatzea eta eskatzea eta batzordeetan parterik ez hartzea. Garbi jokatzez gerotan garbi jokatu behar dela esan du alkateak, baina, denek jokatu behar dutela garbi, eta ez dela azkeneko momentuan horrelako arrazoibideak emanez heldu behar, garaia zenean ez zirela-eta batzordeetan izan.

    Zorionak eman dizkio I. Urrestarazuk alkateari, eta esan dio orain arte ikusi gabekoa ari direla ikusten: gehiengo osoa izan eta urjentziaz onartzea tasak, batere diktamenik gabe. Horrek erakusten duela alkatearen jestioa. Era berean, Udala antolatzea alkatearen lana dela esan dio, harena ez baina; izan ere, hura ez dagoela liberatuta, alkatea dagoen eran, hogeita lau orduetan Udaleko lanak egiten aritzeko. Gogora ekarri nahi izan dio hasierako asmo onak, batzordeak zinegotzien premietara egokitu zirela eta abar; eta esan dio bost inporta zaiela orain alkateari eta Ogasun Batzordeko lehendakari-idazkariei lehen esan zituztenak eta EAko bi zinegotziek aurrez adierazi izana batzordean parte hartu ezina jarritako orduan eginez gero: hilaren 20an, eguerdiko 12:00etan. I. Urrestarazuk esan du batzordeko idazkari-lehendakariek bazekitela EAkoek ezin zutela etorri, baina, halaz eta guztiz ere, ordurakoxe jarri zutela bilera, eta horrek erakusten duela alkatearen talantea.

    Alkateak, alabaina, premia handiko kontua zela erantzun dio, atzeratzerik ez zegoena, eta zail dela guztia koordinatu eta denen gustoko ordua asmatzea.

    Ondoren idazkariak eskatu du hitza. Esan du Ogasun Batzordeak hilaren 20an egin zuen bilkurarako ere egin zituela bi informe, espediente bakoitzari berea, eta gaurko ere egin dituela beste bi, atzo errejistratutako idatzian egindako galderei erantzuteko. Eta informe horiek guztiak beren espedienteetan daudela. Irakurtzeaz, berriz, idazkariaren erantzunkizuna ez dela esan du osoko bilkurako lehendakariak, zeina baita alkatea, irakurtzeko baimenik ematen ez badio.

    Beraz, proposamenak diktamenik ez duenez, proposamenari buruzko eztabaidarik eta botaziorik egin behar duten erabakitzeko botazioa egitea proposatu du alkateak. Emaitza: zazpi alde, alkatea (Mikel Arrizalaga), Herri Batasuneko beste bost zinegotzi (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Mª Isabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia eta Mª Carmen Viaña Balda) eta EAJko zinegotzi bat (Jesus Mª Martiarena Jaka); eta bost kontra (esan, alabaina, ez dutela botazioan parterik hartu nahi esan dute): EAko bi zinegotziak (Iñake Urrestarazu Azurmendi eta Mirari Recalde González), PSE-EEko zinegotziak (Jose M. Boto Sancho eta Nicolas Barradas Piris) eta EAJko bat (Pello Garbizu Azkue).

    Proposamenaren beraren gaineko botazioa egin ondoren, onartu egin dute. Emaitza: zazpi alde, alkatea (Mikel Arrizalaga), Herri Batasuneko beste bost zinegotzi (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Mª Isabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia eta Mª Carmen Viaña Balda) eta EAJko zinegotzi bat (Jesus Mª Martiarena Jaka); eta bost kontra (esan, alabaina, ez dutela botazioan parterik hartu nahi esan dute): EAko bi zinegotziak (Iñake Urrestarazu Azurmendi eta Mirari Recalde González), PSE-EEko zinegotziak (Jose M. Boto Sancho eta Nicolas Barradas Piris) eta EAJko bat (Pello Garbizu Azkue). ERABAKIA:

    BAT: M. Recalde, I. Urrestarazu, N. Barradas, J.M. Boto eta P. Garbizu zinegotziek egindako alegazioak aintzakotzat ez hartzea (sarrera zkia.: 2.111 eta 2.112) eta 1995eko urriaren 25ean hasierako onarpena emandako ordenantza fiskaleen aldaketa espedienteari behin betiko onarpena ematea.

    BI: Behin betikoz onartutako aldaketak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

    HIRU: Erabaki honen berri ematea Ogasun Batzordean, hurrengo bilkuran.

    AKTAREN BUKAERA.

    Aztertzeko beste gairik ez dagoenez, alkate-lehendakariak buru eman dio bilkurari, arratseko zazpiak eta hogeita bostean (19:25). Idazkari naizen aldetik, akta jaso eta sendespena ematen diot, nik eta bilkuran izan diren zinegotziak izenpetu dugun akta honi.

    Eguna